Hobekuntzak egingo dituzte B3, B6 eta B10 gautxori lineetan, ostiraletik aurrera
Otsailaren 14tik aurrera, B3. Egia-Intxaurrondo, B6. Altza eta B10. Zubiarre-Bidebieta-Buenavista lineetan hobekuntzak iragarri ditu Dbusek, baita gautxorien aurreko 9. Egia-Intxaurrondo eta 14. Bidebieta lineen zerbitzuetan ere. Gaueko zerbitzuak “hiriko alde gehiagotan emateko” asmoarekin hartu dituzte neurri berriak.
B3. Egia-Intxaurrondo lineak Erdialdea, Egia, Intxaurrondo eta Gros elkartzen ditu, eta ibilbide luzeago egingo du Intxaurrondon, Zarategi aldean eta Pilarreko aldapan zerbitzua emateko. Linearen geldialdiak, berriz, 8. Gros-Intxaurrondo eguneko lineak egiten dituenak izango dira. Horrela, Erdialderantz bueltatzen denean, Intxaurrondo Hegoaldean eta Zubiaurre aldean zerbitzua eman ondoren eta Zubiarre 39an gelditu ondoren, lineak beste ibilbide bat egingo du Pilarreko aldapatik igotzeko eta Mons pasealekutik Egiarantz jaisteko.
Gehituko dituzte, beraz, Zarategi 8, Gaztelu, Lafont eta Mons 77ko geltokiak, eta Renfe-Ategorrietakoa, berriz, kendu egingo da. Alde berri horretan emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdiak eskatu ahal izango dituztela jakinarazi du Dbusek. Era berean, ostiraletan, jai bezperetan eta larunbatetan, gautxorien zerbitzuak hasi aurretik, 9 Egia-Intxaurrondo lineak ematen dituen zerbitzuek geldialdi horiek egingo dituzte Zubiaurretik doazenean.
B6. Altza eta B10. Zubiaurre-Bidebieta-Buenavista lineei dagokionez, duela aste batzuk aldatu zuten 14. Bidebieta linearen ibilbidea Gomistegiko erabiltzaileei zerbitzua emateko. Erabiltzaile horiek gaueko zerbitzuak eduki ahal ditzaten, Dbusek B6 eta B10 lineen ibilbideak aldatuko dituzte, Pasai San Pedro 25ean geldialdia egiteko. B6. Altza linea, Erdialderantz doana, Gaiztarron geldialdia egin ondoren, Pasai San Pedro 25ean geldituko da, gero Juan XXIII kaleko 1erantz jarraitzeko.
B10. Zubiarre-Bidebieta-Buenavista lineak ere Pasai San Pedro 25ean egingo du geldialdia, Elosegi 102ko eta Juan XXIII kaleko geltokien artean. Ostiraletan, jai bezperetan eta larunbatetan, gautxorien zerbitzuak hasi aurretik, 14. Bidebieta lineak ematen dituen zerbitzuek geldialdi hori egiten dute Bidebieta alderantz Zubiaurretik doazenean. 13. Altza lineak berriz, ostiraletan, jai bezperetan, larunbatetan eta jaiegunetan Pasai San Pedro 25ean egiten du geldialdia 00:00etako irteeran (Bidebieta alderantz), eta larunbatetan, 23:45ean (Erdialderantz).
Dbusek jakinarazi du laster informazio panel elektroniko bat instalatuko dutela Pasai San Pedro 25eko geltokian, autobusak geltokira zer ordutan iritsiko diren adierazteko eta erabiltzaileentzako interesgarriak diren beste ohar batzuk emateko.