Jon Enparantza aske utzi dute ezarri zioten espetxe zigorra guztiz bete ostean
Jon Enparantza Antiguako bizilaguna eta Arantza Zulueta lekeitiarra aske geratu dira goizean, ezarri zieten espetxe zigorra guztiz bete ostean. Iazko irailaren 16an 11/13 auzian epaitu zituzten 47 pertsonetatik, kartzela zigorra jaso zuten bakarrak izan ziren Enparantza eta Zulueta, eta irailaren 30etik egon dira kartzelan.
Auzitegi Nazionalak bosna hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien bi abokatuei, eta martxoaren 1ean ateratzekoak ziren biak. Zigorra hemeretzi egun lehenago bete dute, ordea, Espainiako Espetxeetako Erakundeak aurretik atxiloaldian pasa zituzten egunak kontuan hartu dituelako. Hala ere, pasaporterik izan gabe jarraituko dute eta, behin-behinean libre egon bitartean, tarteka sinatzera joan behar izango dute ere.
Auziko parte guztiek hala adostuta, 11/13 prozesuko 47 auzipetuetatik kartzelara sartu ziren bakarrak izan ziren Enparantza eta Zulueta. Akusazioak “talde terroristako buru” izatea leporatu zien, eta gainerako auzipetuek espetxe zigorra saihesteko baldintza gisa, biak kartzelara joan behar zirela ezarri zuen. Gauzak horrela, abokatuek euren espetxeratzea onartu zuten, eta beste 45 herritarrek, berriz isunak eta inhabilitazio zigorrak jaso zituzten.
Espetxe aldaketa
Bai Enparantzak eta bai Zuluetak Zaballako kartzelan hasi zuten euren espetxealdia, irailaren 30ean. Urrian, ordea, espetxeetako erakundeak Enparantza Madrilgo Estremerako kartzelara lekualdatu zuen, etxetik 500 kilometrora, senideei horren berririk eman gabe. Lau egunez, bere abokatuak eta senideek hainbat aldiz deitu zuten kartzelara informazio eskean, baina ez zuten inolako informaziorik jaso.
Enparantzarekin eginikoa “bahiketa” bat izan zela adierazi zuten senideek, bizitakoa “jasangaitza eta krudela” izan zela azalduz. Gainera, lekualdaketaren ondorioz, presoaren amak bere bisita galdu zuen, eta, ordutik aurrera, senide eta lagunek askoz kilometro gehiago egin behar izan dituzte presoa bisitatu ahal izateko.