Piztu Donostiakek ekintzaile sozialen aurkako jazarpena salatuko du Udaltzaingoaren komisaldegian
Hilabete hasieran Antiguako Ertzain-etxean eginiko protesta eredua errepikatuz, Piztu Donostia plataformak ekintzaile sozialen aurkako jazarpena salatuko du igandean Udaltzaingoaren komisaldegian, Mozal ordenantzari ez! lelopean. Pio XII.aren plazan elkartuko dira, 12:00etan, eta hortik abiatuta polizia-etxerainoko giza katea egingo dute.
Komisaldegian, ‘Mozal ordenantza’ gisa definitu duten Gizabiderako Udal Ordenantza ekintzaile sozialen lana zigortzeko erabilia izan ez dadila aldarrikatuko dute. Izan ere, araudia ekintzaileen jarduna zigortzeko diseinaturik dagoela uste dute plataformako kideek.
IRUTXULOKO HITZAk urtarrilean argitaratutako erreportajean, ordenantza horren nondik norakoak azaldu zituzten Piztu Donostiakoek: “Udal ordenantzaren 42. artikuluak espazio publikoko hainbat leku zerrendatzen ditu: fatxadak, zubiak, barandak, kale-argiak… Eta horietan guztietan izaera politikoa edo komertziala duten pankartak, kartelak, eranskailuak eta bestelakoak itsastea debekatzen du”.
Ertzain-etxean Mozal legearekin egin zuten modura, igandean, Piztu Donostiako kideek ‘Mozal ordenantza’ indargabetzeko arrazoiak biltzen dituen dokumentu bat entregatuko diete poliziei.