Victor Souto Gil eta bere postalak, istorio sinestezin bat
Noizean behin gertatzen diren istorio sinestezin horietako bat gertatu da Donostian, eta Victor Souto Gilen postalak dira horren protagonistak. Oihartzun handia izan du gertaerak, eta IRUTXULOKO HITZAk El Pais egunkariaren bitartez izan du horren berri.
Dena 2016ko irailean hasi zen, Carmen Peña eta Andrea Yoko madrildar gazteek Frangipani (lore tropikal baten izena) izeneko blues talde bat sortzeko erabakia hartu zutenean, oraindik jotzen ez bazekiten ere. Peña aktorea da eta Yoko zinemagilea, eta azken honek hedabide honi azaldu dionez, Peñak ukelele bat erosteko asmoa zuen egiten ari zen keinu antzerki ikastarorako. Yokok ukelele baxu bat erosi nahi zuen, eta bere lagunak zera esan zion: “Erosi ezazu, eta horrela talde bat daukagu, jotzen ikastea baino ez zaigu falta!”
2017an Yokoren furgonetarekin bira bitxi bat egin ondoren, 2018ko udan egin zuten beraien bigarren bira, eta Donostian zeuden Jazzaldiaren garaian. Ruben Bladesek Zurriola hondartzan eman zuen kontzertua ikusi ondoren, Erdialdetik azken paseo bat eman zuten Peñak eta Yokok. Horrela, Arrasate kalean 1955 eta 1980 urteen arteko postal mordoa aurkitu zituzten lurrean botata, eta ikusi zuten denak Victor Souto Gil izeneko pertsona batek sinatzen zituela, munduko askotariko lekuetatik. Taberna batera joan ziren postalak irakurtzera, eta pentsatu zuten Victor horrek hegazkin pilotua edo zerbitzaria izan behar zuela, denbora gutxian oso leku desberdinetatik idazten ziolako bere familiari, Cecilia Souto Gil bere arrebari, bereziki. Bi lagunek hainbat bilaketa egin zituzten Interneten, Souto Gil familiarekin harremanetan jarri nahian, baina arrakastarik gabe.
Yoko liluratuta gelditu zen postal haiekin, eta ikus-entzunezko pieza txiki batzuk egin zituen, testuak off ahots batekin irakurriz eta postal bakoitzearen lekuaren artxiboko irudiak eta hegazkin bidaietako irudiak tartekatuz. Handik urtebetera, postalekin gogoratu zen, eta Interneten beste bilaketa bat egin zuen, Ceciliaren eskela topatuz. Ikusi zuen bere ahizpetako batek, Manuelak, ez zeukala gurutzerik bere izenaren ondoan, eta, beraz, bizirik zegoela. Manuelaren telefonoa bilatu zuen telefono gidan, eta oraingoan bai, topatu zuen. Deitu zuenean, Imanol Iturripeak hartu zion, Manuelaren semeak. Honek bere familiaren istorioa kontatu zion, eta Donostiara etortzeko gonbidapena egin zion, bere ama Manuela, Victorren arreba, ezagutzeko.
Hala egin zuen Yokok, eta iazko azaroan Donostiara etorri zen, Imanol eta Manuela ezagutzera. Harreman ona egin zuen biekin, eta Imanolekin batera hiria ezagutu zuen, Polloe hilerrira ere joanez, han Victorren hilobia bisitatzeko. Duela gutxi hirira itzuli zen Yoko, eta azaldu duenez, Donostian egon den egunetan hainbat grabazio egin ditu, istorio honekin guztiarekin dokumental txiki bat egin nahi duelako, agian Zinemaldian aurkezteko. Era berean, beraien bidaien abentura nobela bat idatzi nahi dute Peñak eta Yokok, eta postalen istorioari etekin berezia atera nahi diote, gidoi literario bat, komiki bat eta film bat egiteko. Izan ere, Yokok nabarmendu du sinestezina den istorio honekin fikzio bat egin daitekeela, beraien bidaiekin nahastuz. IRUTXULOKO HITZAk Yokorekin hitz egin izanaz gain, Iturripearekin ere hitz egin du, eta istorio honen inguruko erreportaje bat argitaratuko du hilaren 21eko astekarian.