Alde Zaharreko Gazte Asanblada berraktibatu dute
Parte Zaharreko gazteek Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren proiektua berraktibatu dutela jakinarazi dute sare sozialetan zabalduriko ohar baten bitartez. Azaldu dutenez, Kijera gaztetxea okupatu zutenetik, gazte asanbladaren funtzioak gaztetxearen asanbladara bideratzeko apustua egin zuten, eta horren eraginez, azken urte eta erdian eraikinaren kudeaketak ardaztu du haien eguneroko jarduna.
Orain, ordea, berriro ere auzoko problematikak aztertu eta horiei aurre egiteko unea dela uste dute: “Egoera goibel honi buelta emateko garaia da, antolakuntzaz eta borrokaz auzoko gazteok gure artean saretuz, egoera hau iraultzeko apustua egiten dugu”.
Jarraian, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak zabaldutako oharra:
Testu honen bitartez Donostiako Parte Zaharreko gazteok Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA) proiektuaren berraktibazioaren berri eman nahi dugu.
Gaztetxea okupatu genuenean gazte asanbladaren funtzioak eta eraikinaren kudeaketa Kijerako asanbladatik bideratzearen apustua egin genuen. Urte eta erdi iraun genuen eraikin barruan, horrek suposatzen duen esfortzu guztiarekin. Eraikinaren kudeaketak guztiz jan zuen asanbladaren jarduna, eta gutxinaka auzoko arazoei erantzuna emateari utzi genion, kaleko jarduna eten genuen. Eraikinetik kanpo egonda uste dugu garaia dela berriz ere auzoko problematikak aztertu eta hauei aurre egiteko. Jakina da gure auzoa zertan bihurtzen ari diren kapitalaren morroiak. Alde batetik, sei mila biztanle baino gutxiago dituen auzo batean 300 tabernatik gora ditugu. Horietako gehienak auzoko jendearekin zuten lotura galdu dute, erakusleiho batzuk bihurtuz kanpotik datozen turistentzat. Kapitalisten etekin nahiak auzotarrok urtetan eraikitako harreman sareak apurtzen ari dira, parrandara eta kontsumo eredu kapitalista batera bideratuz jendea, horrek sortzen dituen jarrera indibidualista eta berekoiak indartuz etengabe. Hori guztia gutxi ez balitz, goian aipatutako jarrerak indartzeko auzoan zabaltzen ari dira apustu etxeak, txanponjaleak, kirol apustuetarako makinak… Gainera gurean dugu historikoki adikzio honen adierazle nagusia izan den Kursaal kasinoa. Auzoko gazte asko gero eta gehiago ari dira engainatzen, probetxu ekonomiko baten ilusioa jarraituz, errealitatean joko enpresen etekinak handituz.
Bestalde, Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionalaren baitan kokatu daiteke euskarak hizkuntza gisa bizi duen egoera. Hizkuntzaren erabilera eremua etengabeko atzerapausoak ematen ari da, gure auzoan argi ikusten da, kaleetan gero eta gutxiago entzuten da auzotarren partetik, gazteen sozializatzeko hizkuntza gaztelania bihurtzen ari delarik. Etorkizuneko belaunaldiak gero eta harreman gutxiago daukate hizkuntzarekin, folklore euskalduna saltzen zaien bitartean. Erakusleiho bihurtu nahi duten auzo honetan, euskara ez da praktikan erabilgarria.
Miseria guzti hau kontrolpean mantentzeko, espainiar estatuaren indar armatuak eta bertako indar kolaborazionistak ditugu. Kaian militarrak ditugu, eta Parte Zaharreko kaleetan ohikoak dira zipaioen eta munipen patruilak, honek lan politikoa egiteko suposatzen duen oztopoarekin. Auzoko gazteok argi dugu, ez ditugu behar, ez ditugu nahi ez gure auzoan ez inon.
Egoera goibel honi buelta emateko garaia da, antolakuntzaz eta borrokaz auzoko gazteok gure artean saretuz, egoera hau iraultzeko apustua egiten dugu.
Alde Zaharreko Gazte Asanblada