Altzako kiroldegiko lanetan salatutako irregulartasunen inguruko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk alkateari
Altzako kiroldegiko obretan lan egiten ari diren langileen baldintza txarrak salatu zituen ELA sindikatuak aste hasieran, eta horren inguruko azalpenak eskatuko dizkio EH Bilduk Eneko Goia alkateari. Hain justu, ELAk salatu zuen langileek hainbat hilabete daramatzatela kobratu gabe, eta Gipuzkoako eraikuntzako lan-hitzarmenak zehazten duena baino %33 eta %40 arteko kotizazio oinarriak aplikatzen ari direla. Udalak kontratatuta, Acciona eta Altuna Uria dira lanak aurrera eramaten ari diren enpresak, eta ELAren arabera, han lan egiten ari diren langileetako bi –obraren zuzendaria eta arduraduna– baino ez dira enpresa horietako langileak, gainontzekoak azpikontratatuak baitira. Era berean, sindikatuaren salaketaren arabera, astelehenetik ostiralera egiten dute lan pertsona horiek, 52 orduz. Bestalde, langile lan baldintza txarrez gain, enpresa horiek inguruko establezimenduekin ere zorrak dituztela salatu zuen ELAk, langileek jan eta lo egiten zuten ostatuekin ia 9.000 euroko zorra dutela nabarmenduz.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk urgentziazko eskaera bat erregistratu du udalean Goiak horren inguruko azalpenak eman ditzan asteleheneko udal batzordeetan. Bi galdera egingo dizkio oposizioko alderdiak alkateari: ea zergatik gertatzen ari den azaldutako egoera eta esku-hartzeren bat egiteko asmoa duen, eta ea Goia langileen egoeraz interesatu den, lanen esleipendunarekin hitz egin duen eta auzoan sortzen ari den egoeraz interesatu den.