III. Berdintasun Planaren helburuen %90,4 bete du udalak
DuƱike Agirrezabalagak, Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak, 2014. eta 2018. urteen artean indarrean egon den III. Berdintasun Planaren emaitzak azaldu ditu. Planaren balorazio positiboa egin du Agirrezabalagak, eta tresna “erabilgarria eta egokia” dela azaldu du, nahiz eta hobetzeko dauden gauzak ere hauteman dituzten.
Berdintasun zinegotziak planaren zazpi esku-hartze arlo nabarmendu ditu: gobernantza, zainketa erantzunkideak, indarkeriarik gabeko ingurune jasangarria, jaiak eta kultura ez sexista, ohitura osasungarriak eta kirola, emakumeen partaidetza soziopolitikoa eta ekonomikoa, eta autonomia eta berezko boterea, hain justu. Era berean, Agirrezabalagaren arabera, 52 helburu zehatz zehaztu zituzten planean, eta %90,4 bete dituzte. Horretaz gain, 142 neurri planteatu zituztela azaldu du zinegotziak, eta %80 jorratu dituztela, 2.195.000 euro bideratuz.
Bestalde, aurreko legealdiarekin alderatuta, berdintasun aurrekontua %30 igo dela azpimarratu du Agirrezabalagak, eta udal langileen %20k berdintasun arloko prestakuntza jaso dutela. Indarkeria matxista prebenitzeko hartutako neurriak eta Emakumeen Etxea indartzeko proiektua ere nabarmendu ditu zinegotziak.