Aspanogiren VIII. Ipar Martxa egingo dute asteburuan, Haur Minbizidunaren Nazioarteko Eguna dela eta
Larunbatean, hilaren 15ean, Haur Minbizidunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta urteroko legez, Aspanogi Haur Minbizidunen Gurasoen Gipuzkoako Elkarteak Ipar Martxa solidarioa egingo du igandean, hilaren 16an. Zortzigarren urtez jarraian egingo dute martxa, haur minbiziaren aurka gizartearen partaidetza bultzatzeko. Izan ere, Aspanogiren arabera, gizarteratu behar den gaixotasun bat da haur minbizia, errealitate bat delako: Donostiako Ospitalean 25 eta 29 kasu berri tratatzen dira urtero.
Martxa edonork egin dezake, eta elkartearen webgunean bost euroan eman daiteke izena. Egunean bertan banatuko dituzte dortsalak, 9:00etatik 10:30era, eta izena emateko aukera egongo da, hamar euroan. Bakoitzak bere etxetik eraman ditzake martxa egiteko bastoiak, eta elkarteak 50 izango ditu egunean bertan banatzeko. Era berean, parte-hartzaile guztiek arrosa koloreko zapi bat jasoko dute opari, eta otordu bat ere egongo da. 11:00etan hasiko da martxa Saguesen, eta Haizearen Orrazian bukatuko da (6,1 kilometro). Azken urteetan egin duten moduan, Porrotx pailazoa eta Legion 501eko kideak ere martxan izango dira.