Azoraren "mehatxuaren" aurrean hiritarren alde jartzea eskatu dio EH Bilduk alkateari
Azora eta Blackstonen moduko funts putreak Donostiara iristea “hiriko bizikidetzaren aurkako eraso zuzen” bat dela uste du EH Bilduk, eta “mehatxu” horren aurrean, alkateari eskatu dio etxegabetze arriskuan dauden herritarren aldeko “keinu publiko argi bat” egitea.
Reyes Carrere eta Ricardo Burutaran zinegotziek gaiarekiko duten iritzia plazaratu dute goizean, eta mezu garbia bidali diote Eneko Goiari: “Interes pribatuek interes komunaren gainetik pasatu nahi dutenean, alkate batek aukera bakarra dauka: donostiarren alde jartzea”.
Haien ustetan, jokoan dagoena etxebizitza bat izateko eta “gure auzoetan gure bizi proiektua garatzeko” eskubidea da, eta udaletik “oinarrizko” eskubide horren alde nahikoa egiten ez dela iruditzen zaie: “Goiak borondate politikoa izango balu, hotelak eta pisu turistikoak ugaritzearen aurkako neurriak har ditzake, etxe hutsak merkatura ateratzeko eta abar”.
Horregatik, ekintzara pasa eta neurri zehatzak hartzea exijitu dio EH Bilduk alkateari. Arlo politikoan, Azorak erositako etxebizitzetan bizi diren 300 familien aldeko jarrera izateko eskatu dio Goiari, eta baita funts putreak hirian ongietorriak ez direla publikoki adierazteko ere.
Arlo instituzionalean, berriz, jabego handiek sustaturiko “etxegabetze isilekin” udalak etxegabetzeen aurkako bitartekaritza-protokoloa aplikatzen hasi behar duela helarazi dio, eta, alkate gisa, Azorarekin bitartekaritza lana egin dezala eskatu dio, “familia bakar bat ere kalean gera ez dadin”.
‼️Funts putreak Donostiara iristea, jasaten dugun presio turistiko eta inmobiliarioarekin batera, gure hiriko bizikidetzaren aurkako eraso zuzen bat da #Azora @afectadosxazora #Donostia pic.twitter.com/V528qrDlWT
— Reyes Carrere (@ReyesCarrere) February 13, 2020