Bretxa merkatuak 150 urte bete ditu
1870. urtean zabaldu zuten Bretxa merkatua, eta 150 urte bete ditu aurten. Gaur aurkeztu dituzte merkatuan bertan urteurrenerako prestatutako ekitaldiak. Bretxakoak merkatarien elkarteko kide ugarik parte hartu dute aurkezpenean, baita erakunde publikoetako hainbat agintarik ere. Gainera, ekitaldia aprobetxatu dute Elena Arzak sukaldaria saritzeko, eta Bretxa merkatuaren saria jaso du.
Merkatuaren eskailera mekanikoen azpiko plazatxoan egin dute ekitaldia, merkatarien postuen erdian, eta bezeroen joan etorriekin eta merkatuaren ohiko soinuekin nahastu dira aurkezpenean parte hartu duten pertsonen hitzak. Hasteko, Xalba Agirrek, merkatarien elkarteko presidentea eta merkatuko harakinak, hartu du hitza, eta pozik agertu da merkatuaren urteurrenarengatik: “Duela 150 urte inauguratu zen merkatua, gaur egungo oso baldintza tekniko desberdinetan, eta espero dugu beste horrenbeste egingo dituela”. Agirrek nabarmendu du merkatuaren historian emakumeek izan duten garrantzia, eta aitortu du haiek izan direla Bretxaren “zutabea”.
Eneko Goia alkateak ere hitz batzuk esan ditu, eta gogoan izan du 2020an 150 urte bete dituen beste erakunde bat: Union Artesana. “Gure hiriaren beste ardatz baten urteurrena ospatzeko zortea dugu”, baieztatu du. Goiaren ustez, Bretxa ez da merkatu soil bai, “instituzio” bat baizik. Era berean, Bretxaren birmoldaketari buruz ere hitz egin du, eta adierazi du helburua dela merkatuaren “esentzia” mantentzea, eta tokiko produktuak indartzea.
Bretxakoak merkatarien elkartearen izenean, urteurrena ospatzeko egingo dituzten jarduerak iragarri ditu merkatuko Kristina belar-dendako jabeak. Besteak beste, etxeko sukaldaritzako errezeten argitalpen bat, bertako kontsumoa sustatzeko pegatina identifikatzaile bat, San Paskual Bailon patroiaren eguneko herri bazkaria, eta erakusketa historiko bat.
Arzaki aitortza
Elena Arzak sukaldaria ere izan da ekitaldian, Bretxakoak elkarteak Arzak jatetxeari eman dion saria jasotzeko. Sukaldariak esker ona adierazi du jasotako aitortzagatik, eta kontatu du berarentzat leku berezia dela Bretxa, aitak sarri eramaten zituelako hara bera eta ahizpa. Arzaken ustez, euskal sukaldari askok munduan eskuratu duten ospearen oinarrian daude merkatuetan erositako tokiko produktuak, eta horiek zaintzeko garrantzia nabarmendu du.