Torturaren Aurkako Egunean, "egia osoa argitara" ateratzeko eskatuko du Sortuk
Torturaren Aurkako Eguna da gaur, eta Sortuk hainbat mobilizazio antolatu ditu, “egia osoa argitara” ateratzeko. Lehenik, 18:00etan, elkarretaratzera deitu du alderdiak, Amara Berriko Gobernu Zibil zaharraren aurrean. Ondoren, 19:00etan, Tortura eta zigorgabetasuna: euskal borrokalarien aurkako estatu-tresna izeneko hitzaldia egingo dute, Amara kaleko 17. zenbakian.
Eusko Jaurlaritzak 2018ko abenduan argitaratutako txostenaren arabera, 4.113 tortura kasu zenbatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 2014ra. EH Bilduko Julen Arzuagak Eusko Legebiltzarrean azaldutakoaren arabera, kasu horien harira, “soilik” 21 zigor eman dira. Gizarte eragile ugarik behin eta berriro salatu dituzte Espainiako Estatuan izandako tortura “sistematiko” kasuak, eta biktimentzako aitortza eta erreparazioa aldarrikatu dituzte.