Behi masaila saltsan, Ordizia erara
OSAGAIAK
- Behi-masailak.
- Tipulak.
- Porruak.
- Piper berdeak.
- Piper gorriak.
- Koñaka.
- Ardo ondua.
PRESTAKETA
Saltsa egitea da lan gehien eskatzen duen zatia. Barazkiak dira oinarria, eta espainiar saltsa moduko bat egiten dugu; guk ehiztari saltsa deitzen diogu. Lehenik, barazki guztiak txikitu behar dira, eta sueztitzen jarri. Litro laurden bat koñak botatzen diegu, eta ondo sueztituta daudenean, saltsa egiteko xehatu egiten ditugu.
Behi-masailak lau zatitan zatitzen ditugu, eta plantxan markatzen ditugu. Aurretik egindako saltsa eta haragia elkartzen ditugu, ardo ondu zurrusta bat botatzen diegu, eta hiru ordu eta erdiz sutan izaten ditugu, poliki-poliki. Platerean zerbitzatzerakoan, perrexil adartxo bat jartzen diegu, eta prest daude jateko!
“Etxeko jendeari esker da Ordizia orain den modukoa. Haiek ematen digute bizitza”
Zein da Ordizia tabernaren historia?
Gure aitak ireki zuen taberna, 1980an. Ordiziakoa zen eta horregatik jarri zion izen hori. Urte askoan aritu ondoren, 1998an alokatu egin zuen, hamar urtez. Alokairua bukatu zenean sartu ginen anaia Joseba eta biok.
Horretarako, tabernaren barrualde guztia bota eta berritu egin genuen, legediak eskatzen zuen guztia betetzeko. Lehen, sukaldea goian zegoen, eta obra egitean behera igaro behar izan genuen, goian komun handiak jartzeko. Urte batzuk daramatzagu tabernarekin eta egia esan denbora ziztu batean igaro zaigu.
Zer nolako harremana duzue auzotarrekin?
Oso harreman ona daukagu auzotarrekin. Hona gehienbat etxeko jendea etortzen da. Parte Zaharra asko aldatu da azken denboran, eta betikoetatik gutxi gelditzen gara: Kukurruku, Gorriti, Sport, Paco Bueno, Joxemari, Aitona, eta ezer gutxi gehiago. Espero dugu gauden tokian mantentzea, guk, momentuz, hemen jarraitzeko asmo daukagu.
Zergatik nabarmentzen da Ordizia?
Nik nabarmenduko nuke etxeko jendearen taberna bat dela, haiek ematen digute bizitza; etxeko jendeari esker da Ordizia taberna orain den modukoa. Eskaintzen dugun janariari dagokionez, errezetarako prestatu ditugun behi-masailak, txipiroiak plantxan, txanpiñoiak plantxan, eta ditugun ogitartekoak azpimarratuko nituzke. Aita ordiziarra izanik, denek Goierriko tokien izenak dituzte.
Behi-masailarekin batera hartzeko, zein edari aukeratuko zenuke?
Ardo beltz bat, zalantzarik gabe; ardo ondua.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Bi bizilagun: Astelena eta Kukurruku