Donostiako eraikin altuenak begiratoki bat izango du
Artzain Onaren dorrea zaharberritzeko obrak udararako amaituko dituztela aurreikusi du udalak. Ondarea babesteko lanez gain, eraikinaren argiztapena aldatu eta hiria erdigunetik ikusteko begiratoki bat sortuko dute.
Artzain Onaren katedralaren dorrea zaharberritzeko lanak 2018aren amaieran hasi ziren, eta, geroztik, obrek erritmo onarekin egin dute aurrera. Proiektuaren helburua bikoitza da: batetik, XIX. mende amaieran Igeldoko harriekin eraikitako dorrearen hormak birgaitu nahi dituzte. Izan ere, urteetako erosioaren ondorioz, harriak oso kaltetuta zeuden, eta egitura arriskutsua bilakatu zitekeen horregatik. Bestetik, eraikina barrutik konpondu eta bisitagarri bilakatzeko asmoa dute, bere goialdean hiriko erdigunea ikusteko 360 graduko begiratoki bat sortzearekin batera.
Udalak azaldu duenez, begiratokiaren ideia dorrearen zaharberritzeaz arduratzen ari den ZetaBi arkitektura bulegoarena izan zen: “Arkitektoak berak esan zuen moduan, hirian hainbat begiratoki natural daude (Urgull, Ulia, Igeldo, Ametzagaña…), baina horiek guztiak hiriaren ertzetan daude. Eta Artzain Onak, aldiz, hiria erdigunetik bertatik ikusteko aukera emango du. Hortaz, proposamena egin zuen eta proposamenak aurrera egin du”.
Begiratokia 47 metroko altueran dago (dorreak 75 metro ditu guztira), eta, hor goitik, hiriko erdigunearen osaketa ezohiko moduan aztertu ahal izango dute herritarrek. Dorrera igotzeko, sarrera ordaindu beharko da, eta bisitak taldekakoak eta gidatuak izango dira. Prezioa, ordutegia eta eguneko jende kopurua oraindik zehaztear daude, ordea. Udala eta elizbarrutia bisiten kudeaketa negoziatzen ari dira egunotan, baina udal gobernuaren borondatea da ardura hori bere gain hartzea.
Gauzak horrela, udaratik aurrera katedralaren interes turistikoa modu nabarmenean handituko dela aurreikusi daiteke, eta horrek kezka sortu du Eguzki talde ekologistako kideen artean. Izan ere, dorrea belatzen bizitoki izan dela azpimarratu du hainbatetan Eguzkik, eta hura “atrakzio turistiko” bilakatzeak hegaztien balizko itzulera zapuztu dezakeela uste dute bere kideek (belatza espezie bakan gisa dago sailkatua Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan).
Udalak, aldiz, argudiatu du belatzek ez dutela inoiz dorrean habiarik egin: “Ez dute aurkitu horrelakorik dorreko lanak hasi baino lehenago egin diren hainbat ikuskapenetan. Egia da noizbehinka dorrean belatzen batek edo bestek geldialdiren bat egin duela, baina ez dute habiarik egin”.
Diru publikoarekin ordaindua
Katedrala Donostiako elizbarrutiaren egoitza nagusia da, eta bere jabetza elizarena da. Artzain Onaren dorrearen zaharberritzea, ordea, diru publikoarekin ordainduko da batik bat. Proiektuak 1,5 milioi euroko inbertsioa jaso du, eta herritarrek kopuru horren %87,5 ordainduko dute. Gainerakoa elizbarrutiak jarriko du.
Erakunde publikoen artean, Espainiako Sustapen Ministerioak inbertsioaren %50 jarri du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, %25. Donostiako Udalak, bere partetik, 209.000 euroko ekarpena egin du; guztizkoaren %12,5, alegia.
2014an, udal talde guztien babesarekin onartutako Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko Plan Bereziak A maila eman zion katedralari.
Argiteria berria
Ordura arte eginiko inbertsioaz gain, udalak Artzain Onaren katedralera 394.958,50 euroko beste aurrekontu-sail bat bideratzea erabaki zuen urte amaieran. Udalak azaldu du diru hori eraikinaren argiteria berritzeko erabiliko dela: “Arkitektoak berak esan zigun obra egiten ari zela ikusi zuela argiteria oso zaharkitua zegoela”.
Katedralaren fatxadako argiak udalak jarri zituen duela zenbait hamarkada, eta, geroztik, euren mantenua eta argindarraren faktura herritarrek ordaindu dituzte. Orain, eraikineko argi halogenoak led argiengatik aldatuko dituzte, diru publikoarekin ere.
Inbertsio hori orain egiteak epe luzera dirua aurrezteko balioko duela argudiatu du udalak, zaharberritze lanengatik aldamioak jada jarrita daudelako. EH Bilduk, aldiz, gogor kritikatu du erabaki hori, alkateak Artzain Onaren argiztapena behar handiagoa duten beste proiektu batzuk baino gehiago lehenetsi duelako: “Goiak beste 400.000 euro eman dizkio Munillari aurrekontuen eztabaidatik pasatu gabe”.