Donostiako Udalak 6,7 milioi euroko superabitarekin bukatu du 2019a
6,7 milioi euroko superabita udalaren aurrekontu ekitaldiarena da soilik, eta ez ditu aintzat hartzen udalaren menpe dauden hamalau elkarteak, ez baitituzte horien kontuak aurkeztu oraindik. Hala ere, elkarte horiek ez zuten defizitik abenduaren 31n.
Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez Macayak 2019ko udalaren likidazioan aurkeztu du, eta emaitza positiboa izan dela nabarmendu du. Izan ere, diru-sarrerak aurreikusitakoa baino %3,1 altuagoak izan dira, 9,2 milioi euro gehiago jaso baititu udalak 2019an, eta horietatik 2,9 milioi Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik iritsi dira, aurreikusitakoa baino 2,06 gehiago.
Era berean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gehiago jaso ditu udalak, lurralde eta estatu kuotetatik, hain justu. Ogasun Higiezinen gainezko Zergatik (OHZ) eta Ur eta Saneamendutik ere aurreikusi zutena baino gehiago jaso dute, 0,7 eta 0,6 milioi euro, hurrenez hurren. Bestalde, gainbalioen zergatik (Hiri Lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga) 11.450 likidazio egitea aurreikusten zuten, 1.172,67 eurokoak, batez beste. Ordea, likidazio gutxiago egin dituzte, baina batez besteko balioa 1,272,67 eurokoa izan da, eta, beraz, udalak 0,5 milioi euro gehiago jaso ditu.
Beste diru-sarrerak eta erreserbak
Aparteko diru-sarrerei dagokienez, aurreikusitakoa baino 2,5 milioi euro gutxiago jaso ditu udalak, Txofre plazako aparkalekuaren esleipena egin gabe gelditu delako. Hala ere, hori konpontzen ari dela azaldu du udalak. Era berean, ez du Uraren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko finantziazioa jaso, hainbat atzerapen direla eta: Astiñene eta Espartxo zubien lanen, udaletxean Udal eta Foru Turismo Bulegoak jartzeko lanen, eta Altzako kiroldegiko lanen atzerapenen ondorioz, hain justu. Hala ere, udalak azpimarratu du diru kopuru bat erreserbatu duela, aipatu sarrera guztiak jasoko ez balitu, baliabideak izateko. Hain justu, 23 milioi euroko erreserba egin dute, hornitzaileen fakturak 30 eta 40 egunen artean ordaindu ahal izateko.
Gastuak eta inbertsioak
2019an, aurreikusi zutena baino 6,7 milioi euro gutxiago gastatu dute: 4,9 milioi funtzionamendu gastutan, 0,7 milioi diru-laguntzatan eta milioi bat kreditu globaletan. Era berean, 2020ra begira, 90 milioi euro sartu dira udalean inbertsio gisa, eta horien %70, 63 milioi euro, esleituta dauden edo laster esleituko dituzten proiektuetakoak dira, hala nola, Kontxako baranda, Atotxako aparkalekua eta hainbat zahar-etxeen berritzeak.
Aurrezkiak eta zorpetzea
2019ko likidazioei esker, 18,7 milioi euro inbertsioak egitera bideratu ditu udalak, aurreikusitakoa baino 12 milioi euro gehiago. Bestalde, udalaren zorpetze mailari dagokionez, diru-sarreren %34,73 da, hau da, Europako Batasunaren mugaren barruan dago, zorpetze maila gehienez %70 izatea ezarri baitu batasunak 2020rako. Hain justu, udalak 2018ko abenduaren 31n finantza-entitateei itzuli beharreko kopuru berdina itzuli behar die aurten: 107,5 milioi. Datu orokorrei erreparatuz, udalak 178,7 milioi euro gastatu zitzakeen 2019an, eta 177,9 milioi euro gastatu ditu.