"Hemen kolore biziak ez dira horrenbeste erabiltzen, baina estiloa gauza pertsonala da, eta bakoitzak berea eraiki behar du"
Buruan planak oso argi dituen tipoa da Aziz Mounpe. Duela urte eta erdi heldu zen Donostiara, bertako hizkuntzak ezagutu gabe eta soinean ezer gutxi zeramala. Orain, ordea, Easo Politeknikoko ikasle izateaz gain, musikaria eta jostuna da, eta arropa marka propioa sortu du.
Kamerundarra zara. Nongoa?
Mendebaldekoa, Foumban hirikoa. Hor bizi direnak bamoun etniakoak dira, eta erlijio, errege eta hizkuntza propioak dituzte. Kamerunen 250 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, baina herritar guztiek ezagutzen dituztenak frantsesa eta ingelesa dira; kolonizatzaileen hizkuntzak, alegia.
Zure lurra atzean utzi eta Euskal Herrira etorri zinen, beste hizkuntza zapaldu batekin topo egiteko.
Hizkuntzak asko atsegin ditut, eta euskara ere ikasten ari naiz [elkarrizketa gaztelaniaz egin du]. ‘Eskerrik asko’, ‘pixkanaka’, ‘nekatuta’, ‘ze esatek?’… Oraingoz hitz gutxi batzuk besterik ez ditut ezagutzen, baina, ‘pixkanaka’, aurreraka noa.
Hau, egiten dizudan bigarren elkarrizketa da. Lehenengoan, hirira iritsi berri zeunden, 2018ko udaran.
Hala da. Orduan Txantxarreka gaztetxean bizi nintzen, eta ez nintzen ‘egun on’ esateko gai ere. Geroztik, gogor aritu naiz lanean, behintzat gaztelaniaz hitz egin ahal izateko. Helduentzako eskolan derrigorrezko bigarren hezkuntza gainditu nuen, eta orain elektrizitate eta automatismo ikastaro bat egiten ari naiz, Easo Politeknikoan. Nire denbora librean, aldiz, joskintza lantzen dut. Hori egiteko, ordea, ez dut inoiz ikasi behar izan. Dohain berezi bat daukat, nire ama jostuna zelako eta odolean daramadalako.
Wax oihalekin jositako produktuak egiten dituzu, ezta? Eta horren bitartez Puouchinah marka sortu duzue.
Maialen nire bikotekidearekin sortu nuen, bai. Bamoun hizkuntzan, puouchinah hitzak ‘gero arte’ esan nahi du, eta izen hori jarri genion, egiten duguna probatzen duenak errepikatu egingo duela dakigulako.
Nolatan hasi zinen horrekin?
Lagunentzako gauza sinpleak egiten hasi nintzen. Gaztetxean ginela, gurekin bizi zen gazte batek, Ibrahimek, aipatu zuen josten zekiela, eta makina bat ekarri zioten erabili zezan. Kamerungo etxean, nire amak josteko makina zahar bat zuen, Singer bat, eta betidanik ikusi izan dut horrekin lanean. Horregatik, segituan jakin nuen gaztetxeko lagunak ez zuela makina hura erabiltzeko batere ideik [barrez].
Hori ikusita, proba egitera animatu nintzen, eta nahiko ondo moldatu nintzen makinarekin. Gaztetxea utzitakoan, berriz, bigarren eskuko beste makina bat erosi genuen, eta, geroztik, horrekin jarraitu dugu lanean. Horrela, gutxinaka, gauza serioagoak egiten joan gara.
Zuen lanetan erabiltzen dituzuen koloreak oso deigarriak dira.
Wax oihalak oihal afrikarrak direla esan ohi dugu, han asko erabiltzen direlako, baina, berez, halako gehienak Herbehereetan ekoizten dituzte. Janzterakoan, hemen kolore biziak ez dira horrenbeste erabiltzen, baina estiloa gauza pertsonala da, eta bakoitzak berea eraiki behar du. Bakoitzak nahi dituen modura erabili ditzake.
Askok, haien jertse edo poltsikoetan wax oihalekin eginiko patrikak edo bestelako detaileak jartzeko eskatzen digute. Behar den guztira moldatzen gara.
Gelditzen zaizun denbora libre gutxian, musika ere egiten duzu, Zizooduzoo ezizenarekin.
Nire izenarekin jokatuz, Zizoo du zoo ezizena erabiltzen hasi nintzen. Zooko Zizoo, frantsesez. Gizartean, zoo batean bezala bizi gara, inor ez baita guztiz libre bizi. Mundua zoo handi bat da.
Eta zu, berriz, musikaren bidez libre izan nahi duen animalia zara.
Kaiola horretatik ihes egin nahi duen animalia, bai [barrez]. Batik bat, reggae, rap eta afro trap abestiak egiten ditut.
Zer kontatzeko?
Salaketa sozialak egiten dituzten letrak atsegin ditut. Besteak beste, migratzaileek bizi dituzten injustiziei buruz hitz egiten dut, bizi egin ditudalako, eta beharrezkoa delako. Horrek ez du esan nahi egiten dudan musikak dantzatzeko balio ez duenik. Mugiarazten duten doinuak dira, dantzarako zein borrokarako.
Zer duzu orain eskuen artean?
Jada zenbait lan argitaratu ditut Youtuben eta Facebooken, eta orain bideoklip berri bat prestatzen ari naiz. Horrez gain, ekoizpen lanean gehiago sakontzea gustatuko litzaidake. Dagoeneko 20 abesti baino gehiago ditut, eta horiek behar den modura grabatu nahi ditut.
Kamerungo familiak gertuago sentituko zaitu zure abestiak entzutean.
Nire herria duela bost urte baino gehiago utzi nuen, eta oraindik ezin izan ditut bisitatu, lehenik paperak lortu behar ditudalako. Zorionez, egiten ditudan gauzak ikus ditzakete, bai, eta nik haienak ere ikusten ditut. Nire anaia txikiak ere musika egiten du, Kamerunen, eta nik baino bisita gehiago ditu!
Zergatik aukeratu duzu Koh Tao taberna elkarrizketarako?
Nire lehen bideoklipa hemen igo nuelako internetera. Taberna atsegina da, eta wifi sare bat behar dudanean hona etortzen naiz tarteka.
HAMABIETAN BERMUTA. Garagardoa eta esne dultzezko bizkotxoa.
Non. Koh Tao (Erdialdea).
Prezioa: 5,40 euro.