Ikus-entzunezko 84 proiektu grabatu dituzte Donostian 2019an, eta hamar milioi euro utzi dituzte hirian
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak 2019ko balorazioa aurkeztu du, eta Donostiarentzat eta Gipuzkoarentzat “urte historikoa” izan dela nabarmendu du. Donostia Sustapenaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek, eta urtean Donostian grabatu diren proiektu nagusiek 35 milioi euroko aurrekontua izan dute. Hain justu, Woody Allen zinemagile estatubatuarrak udan grabatutako filma, HBO ekoiztetxearen Patria telesaila eta Movistarren La línea invisible telesaila azpimarratu dituzte. Donostian grabatu diren proiektu guztien eraginez, hirian hamar milioi euro sartu direla kalkulatu dute. Datu ekonomikoez gain, Allenek hirian film bat grabatzea oso garrantzitsua dela deritzo SSGI Film Commissionek, nazioartean izan dezakeen oihartzuna dela eta. IRUTXULOKO HITZAk erreportaje bat argitaratu zuen udan Allenen filmaren harira, hirian izaten ari zen eraginaren harira.
Oro har, 2019an ikus-entzunezko 84 proiekturekin aritu zen elkarlanean SSGI Film Commission, eta 424 grabazio egun egon ziren, Donostia eta Gipuzkoa aintzat hartuta. Nabarmenenak Allenen filma, Patria telesaila (HBO), La línea invisible (Movistar), Ventajas de viajar en tren (Morena Films eta Señor y señora), Akelarre (Lamiak Films, Kowalski Films eta La Fidele), Hil kanpainak (Abra), Allí abajo telesaila (Antena 3) eta Go!azen (ETB).
Bestalde, hainbat telesail eta saio grabatu dira Donostian 2019an zehar, askotariko telebista kateentzat, hala nola, Canal Cocinarentzat, TVErentzat, ETBrentzat, Hego Koreako telebistarentzat, Greziakoarentzat, Frantziakoarentzat eta Alemaniakoarentzat. Era berean, Laboral Kutxa bankuaren, Eroskiren, Eusko Jaurlaritzaren eta Zara Kidsen iragarkiak ere grabatu dituzte Donostian, besteak beste.