«Oso estilo zuzena erabili dugu»
Otsailaren 22an ‘Birritan bortxatua’ antzezlana estreinatuko dut Egiako Gazteszenan Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak.
Obraren aktoreak dira Saioa Royo (Egia, 1975) eta Ion Martinez ‘Txiki’ (Antigua, 1980), eta indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen biktimizazio bikoitza eramango dute taula gainera.
Zertan datza antzezlana?
Ion Martinez (I.M.): Errealitatetik sortu dugun fikzio bat da; garrantzitsua da hori nabarmentzea. Errealitatetik hartu ditugu antzezlanean gertatzen den epaiketako ia galdera guztiak, baina guk sortu dugu nahita fikziozko zati bat, esaterako, gertatzen den bortxaketa. Zoritxarrez, kasu asko daude, baina guk nahi izan dugu errealitateko xehetasun eta gertakariak hartuz, gure kasu propioa sortu.
Saioa Royo (S.R.): Azpimarratzekoa da antzezlanean gertatzen dena edozeini gerta dakiokeela, eta ez dela zerbait ez dakit non gertatu daitekeena. Gertu ere gertatzen zaigu.
(I.M.): Benetan gertatu diren bi kasutan oinarritu gara gehienbat: Nagore Laffagerenean eta La Manadarenean. Biak sanferminetan gertatu ziren, eta azaleratu nahi genuen horrelako testuinguruetan gizonezkoek duten askatasuna nahi dutena egiteko. Hori erabat gaitzestekoa da. Bi kasu horiek hemendik gertu izan ziren, eta gizartean biek piztu zutena ikusita, uste dugu antzerki talde moduan guk ere aletxoa jarri dezakegula indarkeria matxistaren kontu honetan.
Zein paper dauka bakoitzak antzezlanean?
(S.R.): Nik Nagoreren papera antzezten dut. Nagorek bortxaketa bat pairatu du, eta erasoa salatu egiten du. Antzezlanak jasotzen du gertakari horren inguruan epaiketan gertatzen den guztia. Nagoreri egiten zaion galdeketaren bidez ikusten da zer gertatu zen bortxaketaren unean, nola bizi izan zuen berak, eta zer nolako galdeketa egiten zaio bortxatutako pertsona bati.
(I.M.): Nik hainbat paper antzezten ditut: fiskalarena eta defentsaren abokatuarena, hau da, bortxatzailearen abokatuarena. Fiskala boterea bideratzen duena da, eta horrekin irudikatu nahi dugu boterearen patriarkaltasuna eta biktimarekiko sentsibilitate eza. Era berean, defentsaren abokatuaren papera interesgarria da. La Manadaren abokatuaren kasuan, ospe handia lortu du, eta erabateko askatasuna utzi zaio galdera errespetugabeak egiteko. Kalean nahi duena esan dezake, baina epaiketa batean horrelako galderak egitea, iruditzen zaigu emakumea berriro bortxatzea dela.
(S.R.): Gainera, Mikelen papera ere antzezten duzu, bortxatzailearena. Modu sotilean agertzen da pertsonaia hori, ez geniolako protagonismo handirik eman nahi. Nik uste dut galdeketaren bidez nabarmentzen da nola sentitzen den Nagore, zer gertatu zaion, bere inguruarekiko zer suposatzen dioen horrek, eta, batez ere, epaitegira joaten denean nola sentitzen den.
Nola sortu zen antzezlan hau egiteko ideia? Noiz hasi zineten obra prestatzen?
(I.M.): 2018 erdialdean edo. Prestatu genuen azken antzezlana umorezkoa zen, eta oraingoan estiloz aldatu nahi genuen; drama aukeratu genuen. Gu ez gara antzerkitik bizi, eta nahi duguna sortzen dugu. Drama bat egiteko gai indartsu bat behar da, istorio indartsu bat. Gainera, nik ikusten nuen Saioak drama indartsu bat oso ondo antzeztuko zuela, eta horretarako tresna asko dauzka.
Gu ere gizartearen parte gara, eta ikusten genuen hedabideetan nola ari ziren La Manadaren kasua jorratzen, Ana Rosa Quintanaren programan, adibidez; lotsagarria iruditzen zitzaigun. Bestalde, bagenekien indarkeria matxistaren inguruko antzezlanak bazeudela, baina batek ere ez du jorratu indarkeria judizialaren gaia.
Garrantzitsua ikusten genuen ere bortxaketaz aitzin emakume batek pairatu behar duen guztia azaleratzea. Interneten testigantza asko bilatu ditugu, eta askok esaten dute bortxaketa bera baino gogorragoa dela hortik aurrera egin beharreko bidea. Hori da izenburuaren jatorria.
Aldatzen Laguntzen da zuen konpainiaren izena. Hori da zuen helburua?
(S.R.): Nolabait bai. Gure antzezpenekin pittin bat eragiteko aukera baldin badaukagu, eta antzerkiaren bidez guk pentsatzen duguna adierazi ahal badugu, primeran. Gainera, zer esanik ez, egiten duguna gustuko badugu.
(I.M.): Utopiko samarrak garenez, pentsatzen dugu gizarte hobe baten alde egin dezakegula, eta gure aletxo txikia jartzen dugu. Beste antzezlanekin gauza bera egin izan dugu.
(S.R.): Zirkua obran, adibidez, euskalkien gaia jorratu genuen. Oteizari buruzko antzezlanean ere bere hitzak erabili zituen Txikik, eta ederra izan zen. Ispilua-n, berriz, amodioaren inguruan gertatzen diren gauzak taularatu genituen, eta jende asko etortzen zitzaigun esatera identifikatuta sentitu zela.
Antzezlan honetan erabili dugu oso estilo zuzena, eta nik uste dut horrek eragina izango duela ikusleengan.
(I.M.): Indarkeria matxistaren inguruko antzezlan bat mila modutan egin daiteke, eta gure helburua zen gure barrura eta ingurura begira jartzea. Hau da, bizitzan izan ditugun antzeko egoerak agertzea: adibidez, nik Dokan hau edo beste egin dezaket, edo gure arrebari edo amari gerta dakiokeen zerbaiti buruz hitz egitea.
(S.R.): Gure helburua ez da pedagogia egitea. Guk, gaiaren inguruan egin dugun hausnarketa aurkezten dugu, eta gure helburua da ikusleak, horri helduta, hausnarketa egitea ere.
Antzezlanaren gaia gogorra da. Aktore eta pertsona gisa nola eragin dizue antzezlanaren prestaketak?
(I.M.): Horrelako antzezlan bat egiteko ideia neukan buruan aspaldi. Madrilera joan nintzen nire bikotekidearekin, Jauria antzezlana ikustera, eta antzokitik oso hunkituta atera zen. Horrek asko eragin zidan. Nik uste dut antzerkia egiten dugunean, geure burua lantzen dugula, eta balio izan dit kontzientzia gehiago hartzeko, denok ditugun akatsen inguruan. Era berean, gure artean ere eragiten du nolabait; entseguen ondoren, batzuetan ez da erraza izaten gure artean natural jokatzea.
(S.R.): Aurrekoan lagun batek galdetu zidan: ‘entseguak bukatu eta gero, zama etxera eramaten duzu?’ Niretzat, Stanislavski metodoa ez da hori. Beste era bateko teknikak erabiltzea nahiago dut. Egia da entseguek niri asko eskatzen didatela, eta batzuetan negar batean hasten naiz. Ez gidoiak eskatzen duelako, ezin diodalako eutsi baizik. Gogortasun puntu bat badago. Niri, Nagoreren papera egitea zaila egin zait, baina polita izan da, eta sekulako erronka ere bai.
Niri bortxaketen inguruko lanketa egiteak balio izan dit konturatzeko gauza batez. Niretzat, nire intimitate sexuala da nire barne-barneko zerbait, nirea, besterik ez. Baina konturatu naiz gai hau hortik harago doala. Metaforikoki, bortxaketa bat da zure etxean lapurtzera sartzen direnean bezala, da beldurra sentitzea zure erresuman sartu direlako.