Tradizioa eta modernitatea batuko dituzte inauterietan
Ostegunean, otsailaren 20an hasiko dira inauteriak Donostian, eta gaur aurkeztu dute udaletxean festaren egitaraua. Han izan dira Ane Gaztelumendi, Eskola dantza taldearen ordezkaria, Jaime San Martin, Union Artesanaren ordezkaria, eta Jon Insausti, Kulturako eta Euskarako zinegotzia. Hilaren 20tik 24ra izango du indar gehien inauteriek, baina auzoetan antolatu dituzten jarduerei esker, martxoaren 7ra arte egongo da jaiaz gozatzeko aukera.
Ostegun gizenean, otsailaren 20an, hasiko dute festa, eta horretarako, Momo jainkoari ongi etorria egingo diote Okendo plazan; aurretik kalejira bat egingo dute Konstituzio plazatik Okendo plazara, eta 19:00etan hasiko da. Insaustik, ostegun gizeneko beste bi ekitaldi nabarmendu ditu: alde batetik, Parte Zaharreko kaleetan egingo duten euskal inauteria, eta bestetik, Illunbeko inauterietako konpartsen aurkezpena, 21:00etan. Gaztelumendik euskal inauteriaren nondik norakoak azaldu ditu, eta kontatu du Eskola, Trebeska eta Goizaldi dantza taldeek osatuko dutela inauteria. Talde bakoitzak ibilbide desberdina egingo du, eta 20.00etan Konstituzio plazan elkartuko dira, ikuskizun bateratu bat egiteko.
Ostiral mehean, hilaren 21ean, 18:30ean hasiko da lehen jarduera: konpartsen aurkezpena egingo dute Koldo Mitxelena aurrean, eta Maria Kristina hoteletik hasiko dute desfilea, Momo jainkoarekin batera, Urdaneta kaleraino. Guztira, 21 konpartsa izango dira aurten, eta Mystic taldekoa izango da Momo jainkoa. Arratsaldean, Los Bebes de la Bulla konpartsa ere ibiliko da Erdialdetik, eta Parte Zaharrean, Union Artesanako Lanpernen konpartsak desfilatuko du.
San Martinek, Union Artesanako ordezkariak, gogoratu du elkarteak 150 urte bete dituela aurten, eta, hori dela eta, urte berezia izango dela aitortu du. “1900. urtean, Union Artesanak inauteri desfile izugarria antolatu zuen, eta garaiko prentsaren arabera, Nizakoa baino hobea izan zen”, egin du atzera historian. Duela 16 urte errekuperatu zuten inauterietan ateratzeko ohitura, eta gaur egun, 60 bat kide dira Lanpernen konpartsan.
150. urteurrenerako, Raimundo Sarriegik 1900ean konposatutako Mariscos en tierra abestia berreskuratu dute, eta Sara Zamorano zuzendariaren moldaketekin aterako dute kalera. Ostiralean, 20:00etan aterako dira Aldamar kaletik, eta larunbatean, hilaren 22an, 19:30ean, Euskal Herria kaletik. 150. urteurreneko ospakizunak ez dira inauterietan amaituko. Union Artesanakoak iragarri du martxoaren 7an inauteri festa “berezia” egingo dutela Euskal Herria kalean, “haur, heldu eta pertsona guztientzat”.
Larunbatean eta igandean, inauteriak goieneko aldira helduko dira. Larunbateko une ederrena izango da ohiko botere aldaketa: Eneko Goia alkateak boterea pasako dio Momo jainkoari, eta bere eskuetan egongo da inauteriek irauten duten bitartean. 12:00etan, Antiguotarra dantza taldeko inude eta artzainen konpartsa Antiguako kaleetatik aterako da, baina, gainerako konpartsak Parte Zaharretik eta Erdialdetik ibiliko dira; besteak beste, Herridantza konpartsa, A.G.A.T.A tango dantzariak, 3txulo txaranga, eta Gero Axular dantza taldeko Intxixuak.
17:00etan, konpartsa eta karrozen ohiko desfilea hasiko da Erdialdeko kaleetatik, eta 19:00etan Donostiako inauterietako antzinako konpartsak aterako dira: Eskola dantza taldeko Lorezainen konpartsa, eta Urtoki danborrada, Joselontxos txarangarekin batera. Igandean 9:00etan dianarekin piztuko du jaia Udalaren Txistulari Taldeak, eta egun osoan zehar izango dira ekitaldiak.
Sardinaren ehorzketa egingo dute astelehenean, eta orduan amaituko dira inauteriak. 19:30ean hasiko dute kalejira Bilbo plazan, eta sardinarekin batera joango dira deabruak, apaizak, mojak, alargunak, eta abar. 20:00etan erreko dute sardina.
Honako estekan ikusi daiteke 2020ko inauterietako egitarau osoa.