Don Herbert artista zendu da
Don Herbert (Detroit, AEB, 1942) zendu da, 27 urtez Donostiako Arteleku litografia estudioko arduraduna izandako artista. Donostiarekin lotura estua izan zuen pintore eta litografo estatubatuarrak, Artelekuko litografia ikastaroak zuzendu baitzituen zentroaren sorreratik, 1987tik 2014ra arte. Lehenengo urteetan Madrilen bizi bazen ere, 1991n Trintxerpera joan zen bizitzera, eta gero Loiola auzora, Artelekutik hurbil egoteko.
Artelekun aritu zen 27 urteetan, ez zion inoiz litografia ikastaroak emateari utzi, nahiz eta adinarekin gero eta esfortzu handiagoa eskatzen zion, eta pintura ere ez zuen inoiz utzi. 2005ean, Herberten ikasle izandako 22 artistak haren omenezko erakusketa bat antolatu zuten Artelekun bertan, Artista larrugorri izenburupean. Artista horien artean zeuden, besteak beste, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Koldobika Jauregi eta Dora Salazar, eta Bernardo Atxaga idazleak egin zuen erakusketako testua.
Artelekuk izan zituen aldaketekin kritikoa ere izan zen azken urteetan, gero eta arte plastiko gutxiago jorratzen zirelako. 2011ko azaroan uholde batzuk egon ziren, eta Artelekun kalte handiak eragin zituzten, Herberten estudioa eta han zeuden 500 bat litografia erabat hondatuz. 25.000 eurotik gorako balioa zuten litografia haiek, artistaren arabera.
2014an, Arteleku zentroaren eta Herberten arteko harremana bukatu egin zen, orduan lekualdatu baitzuten zentroa, Txomingo egoitzatik Parte Zaharreko Santa Teresa komentura. Era berean, litografia estudioa Debara eramateko erabakia hartu zuten, eta horrekin minduta azaldu zen estatubatuarra, ez ziotelako deitu ere egin.