Eibarren eta Realaren arteko derbia bertan behera utzi dute
Realaren eta Eibarren arteko partida bihar zen jokatzekoa Ipuruan, 16:00etan, baina bertan behera uzteko erabakia hartu dute, Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko airearen kalitatea dela eta. Izan ere, Zaldibarko luiziaren ondorioz, joan den igandean egindako neurketetan dioxina eta furano maila altuak topatu dituzte aipatu hiru herrietan –ohikoa mailak baino 40-50 aldiz altuagoak–, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gomendatu du aire librean kirolik ez egitea. Horregatik, Espainiako Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak norgehiagoka ez jokatzeko eskatu dute, eta taldeek ez jokatzea erabaki dute.
Otsailaren 6an gertatu zen Zaldibarko zabortegiko luizia, eta ordutik bi langile daude desagertuta. Era berean, zabortegiko kudeaketaren hainbat irregulartasun agerian gelditu dira.