Elkarretaratzea egin dute Azora eta Blackstone funts putreen aurka
Kaleratzeak Stop plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute eguerdian Bulebarrean, Azora eta Blackstone funts putreen aurka. Groseko, Amara Berriko, Parte Zaharreko eta Bentaberriko auzo elkarteek, eta Bizilagunekin eta Donostia Defendatuz plataformek bat egin dute elkarretaratzearekin, eta Benta Berriko 510 familiek Blackstone erraldoiaren aurka duten borrokari Parte Zaharreko, Groseko eta Egiako 300 familiaren borroka batu zaiela salatu dute.
Izan ere, Azorak Inmobiliaria Vascongada higiezina erosi du, eta, beraz, 300 etxebizitza horien alokatzailea bihurtu da, eta Kaleratzeak Stopek nabarmendu du etxegabetzeak izateko arriskua dagoela, funts putre horrek beste leku batzuetan egin duena ikusita. Era berean, 1994an Eusko Jaurlaritzak Bentaberrin eraikitako etxebizitzak Blackstonen menpe gelditu ziren 2018an, eta han bizi direnen etorkizuna kolokan dago ordutik.
Horregatik guztiagatik, Donostian bizitzea gero eta zailagoa dela salatu du Kaleratzeak Stopek, eta nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak azken bost urteetan ez duela alokairuaren prezioen “kontrol espekulatibo eta geldiezina” arautu. Bestalde, EAEko hauteskundeen aurrerapenarekin, horren inguruko lege proiektu bat eten egin dela azaldu dute, eta horregatik iritsi direla funts putreak hirira. Era berean, azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela etxebizitza hutsei dagokien kanona arautu, eta EAEko alokairu sozialeko etxebizitzen parkea %2 baino ez dela salatu dute, Europan %15 den bitartean.
Donostiako Udalera ere zuzendu dira, adierazi baitute Espainiako Gobernuari eskatu diotela alokairuen prezioak arautzeko, baina ez Eusko Jaurlaritzari, Katalunian gauzatu duten proiektuaren antzeko egitasmo bat mahai gainean izanik. Horretaz gain, udalak etxe turistikoen 1.200 jabeak “lasaitu” dituela salatu dute, etxegabetuak izateko arriskua duten familiekin gauza bera egin ez duten bitartean. Era berean, hedabide batzuek Blackstone funts putreari ahotsa eman izana salatu dute Kaleratzeak Stopekoek. Amaitzeko, aurretik iragarri zuten moduan, martxoaren 28ko etxebizitzaren aldeko nazioarteko mobilizazioetara batuko direla gogoratu dute.
Monica Zapirain da Inmobiliaria Vascongadaren maizterretako bat, eta Azorak higiezina erosi duenetik, bere etorkizuna kolokan dago. IRUTXULOKO HITZAk bere testigantza jaso du: