Lilatoiak errekorrak hautsi ditu dortsalen salmentan
Martxoaren 1ean egingo dute Donostiako 31. Lilatoia lasterketa, eta dortsalen salmentaren errekor guztiak hautsi dituzte, 6.500 emakumek hartuko baitute parte. Edurne Martinez Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak azaldu duenez, dortsal kopuru horretara heltzea zen aurtengo helburua, eta hilaren 9an saldu zituzten azkenak. Babesleekin eta bestelako eragileekin dituzten konpromisoak direla eta, 6.550 dortsal zenbatu dituzte dagoeneko, eta laster itxiko dute konpromiso horien izen-ematea ere.
Lasterketaren aurkezpen ofiziala oraindik egin ez badute ere, urtarrilean aurkeztu zituzten aurtengo kamiseta eta abestia. Fuksia kolorekoa da kamiseta, eta kanezu bat izango du, bi estanpatu bereizteko. Abestiari dagokionez, Estibaliz Garrido Dorronsorok sortu du, eta lasterketaren aurretik abestuko dute martxoaren 1ean.