2020ko Euskaraldiaren berri emateko lehen bilera irekia egingo dute San Telmo Museoan
2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da bigarren Euskaraldia, eta ekimen berri honen berritasuna izango da norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituztela euren eremuko langile, bazkide edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Donostian ere abian da egitasmoaren prestaketa, eta herritarrak informatzeko, eta erakartzeko asmoz, lehen bilera irekia antolatu dute. Ostegunean, otsailaren 20an izango da, 19:00etan, San Telmo Museoko goiko solairuko tailerrean.
Euskaraldiaren berritasunak aurkeztu eta entitateetan egingo den ariketarako lagungarriak izango diren argibideak eskainiko dituzte bileran, besteak beste, entitateetan lanketa nola egin, ariguneak nola sortu, eta izen ematea nola egin. Halaber, zalantzaren bat argitu nahi dutenek, donostia@euskaraldia.eus helbidera idatzi dezakete, edo 688 717 074 telefonora deitu. Gainera, entitateei Donostiako Euskaraldiko talde motorreko kideen bisita jasotzeko aukera zabaldu dute; horretarako, aurretik esandako helbidera idatzi edo telefonora deitu beharko da.
Loiolako Erriberan, Aieten eta Egian ere bai
Loiolako Erriberan ere hasi dira Euskaraldiaren prestaketarekin, eta auzo elkarteko udal lokalean bilera egingo dute otsailaren 24an, 19:00etan. Erribertxo Kultur Elkarteak eta Bagera elkarteak batera gidatuko dute, eta auzotarrei deialdia zabaldu diete parte hartzeko.
Era berean, Aieten Euskaraldiaren aurkezpena egingo dute Aieteko Topalekuko Lizarra gelan, otsailaren 26an, 18:30ean. Egian, aldiz, martxoaren 3an izango da aurkezpena, 18:30ean, Egia kultur etxean.