"1.800 euroko soldata eskaini zidaten, baina ezer gabe utzi naute, eta ezin naiz etxera bueltatu ere egin"
Felix Llorentek 20 urte baino gehiago daramatza garabi gainean lanean. Urtarrila amaieran, Fuenlabradatik (Madril, Espainia) Donostiara etortzea erabaki zuen, Altzako kiroldegiko obraren eraikuntzan lan egiteko eskaintza bat onartu ostean. Acciona eta Altuna y Uria enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak (ABEE) beste enpresa bat azpikontratatu zuen, Fermin Group Iberica izenekoa, eta Llorentek azken honekin sinatu zuen bere kontratua.
Joan den astean, ELA sindikatuak Altzako obran ematen ari ziren irregulartasunak azaleratu zituen: dokumentuen faltsutzea, gehiegizko lanorduak, ordaindu gabeko soldatak, zorrak inguruko taberna eta ostatuekin… Eta, eskandalu horren aurrean, ABEEaren erantzuna azpikontrata kanporatzea izan zen, gertatutakoa haren erantzukizuna izan zela argudiatuz.
Orain arte lanean aritu diren langileei, ordea, ez die inolako irtenbiderik eman. Askori oraindik soldata zor zaie, eta gainera lanera bueltatzea debekatu diete, obra amaierara arteko kontratu bat duten arren. Llorenteren kasua hori da, eta bere azpikontratako arduraduna “desagertuta” dabilen bitartean, berak ez dauka Madrilera bueltatzeko adina dirudik ere.
Nola heldu zinen Altzako kiroldegiaren obrara?
Ezagutzen ez nuen enpresa batek nigana jo zuen. ABEEak kontratatutako azpikontrata bat zen, eta telefonoz deitu zidaten lan bat eskaintzeko. Hilero 1.800 euro ordainduko zizkidatela esan zidaten, nire paga, opor-egun eta likidazio guztiekin. Lo egiteko lekua eta eguneroko bazkaria eta afaria ere enpresaren kontu joango zirela ziurtatu zidaten. Bada, onartu egin nuen.
Noiz hasi ziren gauzak okertzen?
Urtarrilaren 27an iritsi nintzen Donostiara, eta Loiolako ostatu batean sartu ninduten, kuartelaren parean. Hortik lau edo bost egunera, ostatuko arduradunek hor ginen langileoi joan egin behar genuela esan ziguten, enpresako nagusiak gure gelengatik ordaintzen ez zuelako. Antza denez, urritik zor zion dirua ostatuari.
Nik nagusiari deitu nion, zer gertatu zen jakiteko, baina berak ez kezkatzeko eta lanean jarraitzeko esan zidan. Beste leku batera mugitu gintuzten, eta nik lanean jarraitu nuen. Joan den asteko asteazkenean, ordea, enpresa bereko nire lankideek obra utzi behar izan zuten, egin zieten osasun azterketa ez omen zelako legala.
Nik ostiralera arte jarraitu nuen, eta egun horretan ABEEkoek esan zidaten ez nuela lanera joan behar. Obrako buruak eta arduradunak, biek esan zidaten hori.
ABEEak zuen azpikontrataren kontratua deuseztatu du.
Bai, baina nik alta hartuta daukat oraindik. Niri ez didate bajarik eman, eta, horregatik, astelehen goizean lanera joan nintzen, baina Altuna y Uriako arduradunak esan zidan ezin nintzela obrara sartu. Orduan, nire enpresako nagusiari deitu nion, eta ez zidan erantzun. Zer egingo dut nik egoera horretan? Ba, hemen geratu, kontratu bat daukadalako.
Bazkalorduaren aurretik azpikontratako nagusiaren mezu bat jaso nuen, asteartetik ostiralera bitarte oporrak izango nituela esanez. Horrek, ordea, ez dauka inolako zentzurik. Batetik, nik ez ditut eskatu, eta, bestetik, egin dudan lana kontuan hartzen badugu, argi dago opor-egun horiek ez dagozkidala. Dagozkidanak baino opor-egun gehiago eman dizkidate, eta horrekin, nolabait, etxera joan nadila esaten ari dira.
Zerbait ordaindu dizute?
Urtarrilean lan eginiko asteagatik 200 euro eta koska ordaindu dizkidate, adostutakoa baino askoz gutxiago. Otsailekoagatik, berriz, ezer ere ez, eta ez dit inork azalpenik ematen.
ELAk salatu duenez, abuztuaz geroztik, hainbat langile kuadrillak alde egin dute hemendik, lanean aritu ostean ordaintzen ez zitzaielako. Halakoetan, ordea, gehienek ez omen dute salatzen.
Hori da enpresak bilatzen duena. Langilea nazkatzen denean, honek bere kabuz alde egitea eta eskuak garbitzea. Eta nirekin ere hori egin nahi dute. Baina nik kontratu bat daukat, eta egindako lanagatik ordaindu egin behar didate. Eta nire kontratua eten nahi badute, kalte-ordaina ere jaso beharko nuke.
Azpikontrata bota badute ere, zuk obrari lotua jarraitzen duzula uste duzu.
Nola joango naiz hemendik, ni obrako garabiaren arduraduna banaiz? Nik kontratu bat daukat, obra amaitu artekoa. Zer gertatzen da horrekin? Ni gabe, garabi hori ezin da mugitu, eta egun hauetan oso adi nabil horrekin. Izan ere, garabiarekin istripu bat egon edo zerbait gertatuz gero, horren erantzuleetako bat ni izango nintzateke.
Gainera, ez daukat Madrilera bueltatzeko dirurik ere ez. Oporretan nagoela esaten didate, baina, zer egingo dut nik? Ezer gabe utzi naute. Joan den astetik ari natzaio nagusiari idazten, behintzat bidaia ordaintzeko 50 euro bidali diezazkidan. Azkenean, mezu bat idatzi dit. Obraren arduradunak nire presentziarekin urduri daudela esan dit, eta baita Madrilera bueltatu beharko nintzatekeela ere. Horretarako dirua bidaliko didala esan dit, baino oraindik ez dut ezer jaso.
Kontuan soilik 0,98 euro geratzen zaizkit. Zorionez, Carrasco tabernakoek bazkaltzen eta afaltzen ematen digute. Baina horrela ezin dugu jarraitu. Tabernako lagunek lehen platera, bigarren platera eta postrea eskaintzen dizkidate, baina nik lehenengoa besterik ez dut jaten. Jateko gogoak ere kendu dizkidate.
Jatetxe horri eta zaudeten etxebizitzaren jabeari ere dirua zor diete.
Hala da. Oraingoa hiru astean izan dudan hirugarren etxebizitza da, eta honi ere diru pila bat zor diote. Eskerrak bai etxebizitzako eta bai jatetxeko jabeak gurekin bihotz onekoak izaten ari direla.
Aurretik halako egoerarik bizitzea tokatu zaizu?
Hogei urte daramatzat garabiko langile moduan, hemen eta baita atzerrian ere, eta orokorrean ez dut arazorik izan. Soilik behin bizi izan dut antzeko egoera bat, Madrilgo obra batean, Amenabar enpresarekin. Haiek kontratatutako azpikontrata batentzat egiten nuen lan, eta hor ere irregulartasunak egon ziren. Azkenean, sei hilabeteko indemnizazio bat eman behar izan zidaten hor gertatutakoagatik.
Orain, ordea, ez dut hori ere ez eskatzen. Nik nahi dudana da nirea dena ordaintzea, nire etxera bueltatu ahal izateko. Madrilen alaba bat daukat eta asteburu honetan ezin izan dut ikusi.
Auzoko jendeak zerbait helarazi dizue egoera honetan zaudeten langileei?
Altzako bizilagunek babes handia eman digute. Hori oso argi utzi digute, eta gure aldarrikapenekin bat egin dute. Azken finean, hau auzo langilea da, eta gu ere langile batzuk besterik ez gara. Ez diogu inori kalterik egin nahi. Lana egin eta lan horregatik soldata bat jasotzera etorri gara. Zein da arazoa? Zoritxarrez, lapur batzuekin topo egin dugula.