Bi mobilizazio nagusi iragarri ditu mugimendu feministak martxoaren 8rako
Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako prestatu duen planteamendua aurkeztu du gaur Iruñean. Aurten, mugimenduak ez du grebara deituko, baina mobilizazio indartsuak iragarri dituzte: “Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu”, azaldu dute Gaztelu plazan egindako agerraldian.
Euskal hiriburuetan egingo dituzten manifestazio nagusien ordutegiak jakinarazi dituzte, eta Gipuzkoan, bi mobilizazio egingo dituzte: goizean “mobilizazio deszentralizatuak” egingo dituzte Gipuzkoako herrietan, eta Donostian, 12:00etan izango da. Arratsaldean, berriz, “manifestazio bateratua” egingo dute Donostian, 18:00etan.
Antolatu indarrak, batu borroka feministara! izango da aurtengo leloa, eta “feminismoan emakumeen auto-antolaketaren beharra azpimarratuko dute”. “Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu”, gaineratu dute.
Aurreko greba feministetan egin bezala, bizitza duinen aldeko defentsa egingo dute feministek, eta jomugan jarriko dute “suntsitzen gaituen kapitalismo basatia”, baita arrazakeria instituzionala ere. Mugimendu feministak “feminismo antifaxista” aldarrikatuko du martxoaren 8an, “eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari” aurre egiteko.
Joan den azaroan Durangon egindako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen eta urtarrilaren 30eko greba orokorraren ostean, martxoaren 8an izango da azken hilabeteetako hirugarren egun garrantzitsua euskal borroka feministarentzat: “Aurten berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat”, esan dute irmo.