Bisitari hegalari bat Herri Ametsa ikastolan
Donostiako Herri Ametsa ikastolakoek bisitari berezi eta eder bat izan dute: hontz handi bat. Atzo eguerdian ikusi zuten, eta han geratu da. “Atzo jolas orduaren ondoren, euria hasi zuen, eta babes bila edo, haitzaren ondora joan zen”, azaldu du Xabier Amilibiak, ikastolako ikasketa buruak. Badaezpada, basozainengana jo zuten ikastolako arduradunek. Egoera onean dago hontza, eta esan dietenez, adinekoa da. Ikastolaren teilatu azpian pasa omen du gaua, eta gaur goizean ikastola inguruko pinu batean ikusi dute: “Leihotik ikusten ari naiz momentu honetan. Esan digute oso arraroa dela hontz handi bat ikustea. Gugandik horren gertu ikustea gozamena da. Ikasleak oso pozik daude”.