Fiskaltzak iruzurra leporatu dio Xabi Alonsori, hirugarrenez
Fiskaltzak hirugarren kereila aurkeztu du Xabi Alonso Realeko jokalari ohiaren eta gaur egungo Sanseko entrenatzailearen aurka, eta Ogasunari 840.017 euro ordaindu ez izana leporatzen diote. Jarri zioten lehenengo kereilan, 2010., 2011. eta 2012. urteetan Espainiako Ogasunari iruzurra egin izana leporatu zioten, baina errugabetzat jo zuten iazko azaroan. Bigarrenean, aldiz, 2013an 57.008 euroko iruzurra egin izana egotzi zioten, eta instrukzio fasean dago kereila hori. Oraingoan, ordea, 2014ko denboraldia ikertzen ari da Fiskaltza.
Kereila ez dute Alonsoren kontra jarri soilik, Ivan Zaldua eta Ignasi Maestre bere zerga aholkularien aurka ere jarri dute, eta martxoaren 13an pasa beharko dute epailearen aurretik. Kereila Espainiako Zerga Agentziako txosten baten harira jarri diote. Izan ere, txosten horren arabera, 2009ko abuztuaren 1ean kontratu bat sinatu zuen tolosarrak, “itxuraz” haren irudi eskubideak Kardzali sozietateari utziz. Sozietate horrek Portugalgo Madeira irlan zuen egoitza, eta 2012ra arte zerga salbuespena izan zuen han.