Indarrean dauden kontratuak bere horretan mantenduko dituela esan dio Azorak Eneko Goiari
Eneko Goia alkateak Azora funts putrearen arduradunekin bilera bat izan duela jakinarazi du gaur goizean, eta azaldu du indarrean dauden kontratuak bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu duela Azorak. “Konpromisoa beteko dutela zaintzeko, adi ibiliko garela jakinarazi diegu”, gaineratu du alkateak. Goiaren erantzunak, baina, ez du argitu zer gertatuko ote den hemendik aurrera iraungiko diren kontratuekin.
Era berean, esan du bizilagun kaltetuen aldetik duela “oraingoz” bilera eskaerarik jaso. Aldiz, azaldu du Kaleratzeak Stop plataformaren gutun bat jaso zuela, kasuan esku hartzeko eskaria jasotzen zuena.
Duela aste batzuk atera zen argitara kasua: Inmobiliaria Vascogandaren erosketarekin, Azora funts putrea higiezin euskaldunak hirian alokairuan zituen etxebizitzen alokatzailea bilakatu da. Horren ondorioz, Parte Zaharreko, Groseko eta Egiako 300 familiaren “etxegabetze arriskuaz” ohartarazi zuen Kaleratzeak Stop plataformak. Joan den larunbatean, Kaleratzeak Stop plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten Bulebarrean, Azora eta Blackstone funts putreen aurka.