La Polla Records taldeak Donostiako Hipodromoan joko du
Irailaren 26an izango da arabarren kontzertua. Haiek baino lehenago beste hainbat gonbidatu berezi izango dira oholtza gainean: El Drogas, Su Ta Gar, Lendakaris Muertos eta Liher. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera.
Aurreko urtean iragarri zuen La Polla Records talde arabarrak ezenatokietara buelta. Urte bukaeran Estatu mailan kontzertu batzuk eskaini ostean, 2020an berriro ekin diote kontzertu eta festibalen bira luze bati, ‘Ni descanso, ni paz Gira 2020’ izenpean.
Munduko hainbat lekutatik pasa ostean, irailaren 26ko larunbatean iritsiko da bira Donostiara. Jaialdi berezia izango da: ateak 17:30ean ireki eta gero, euskal talde eta artista gonbidatu ugari arituko dira La Pollaren kontzertua baino lehenago, giroa rock eta punk doinuekin berotuz. Horien artean: El Drogas, Su Ta Gar, Lendakaris Muertos eta Liher. Donostia Festibala baino aste bete geroago izango da hitzordua, enpresa berak antolatzen baitu kontzertua (Last Tourrek, hain zuzen).
Sarrerak ostegun honetan izango dira eskuragarri, goizeko hamarretatik aurrera lasttour.net eta See Tickets-en.