Morlansko Amara Berri eskolako jolastokia birmoldatuko dute
Morlansko Amara Berri ikastetxearen jolastokia berritzeko proiektua onartu du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzordeak. Proiektuaren helburua izango da jolastokiaren zati bat berritzea, baloiarekin loturarik ez duten jolasetarako guneak jartzeko. 290.000 euroko aurrekontua du, eta lanak amaitu eta gero, jolastokiak bi gune bereiziak izango ditu: bata kirol-gunea, eta bestea jolaserako eta egoteko gunea. Ikastetxeetan egin ohi dituzten obra gehienak bezala, Amara Berrikoak ere udaran egin nahi ditu udalak.
Kirol guneak bi saskibaloi kantxa eta futbol zelai bat izango dituela jakinarazi du Eneko Goia alkateak; futbol zelaiaren barruan, bi eskubaloi pista eraikiko dituzte, perpendikularrean.
Bestalde, jolaserako eta egoteko guneak hainbat haur-jolas, lorategi bat eta pilotaleku txiki bat izango dituela azaldu du alkateak. Pilotalekua arkupearen albo batean egongo da, eta beraz, estalia egongo da. Era berean, pilotaleku txikiaren atzealdean rokodromo bat jarriko dute.