Uliako mintegiak berriro ere mehatxupean daudela salatu dute
Uliako Lore Baratzetako kideek salatu dutenez, Aranzadi zientzia elkarteak parkeko ur-biltegiak "balioan jartzeko" proiektu bat garatuko du. Egitasmo horren atzean, ordea, ondare publiko bat pribatizatu eta zerbitzu bilakatzeko interesa dagoela uste dute.
Mintegiak “mehatxu” berri baten aurrean daudela salatu dute Uliako Lore Baratzetako kideek. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, parkeko ur-biltegiak balioan jartzeko proiektu bat garatzen ari dela azaldu dute, eta egitasmo horren atzean ezkutatu daitezkeen interesekin kezkatuta agertu dira.
Lore Baratzetako eta Uliako Auzo Elkarteko ordezkariak joan den ostegunean bildu ziren Aranzadirekin, elkarteak hala eskatuta, parkeko ur-biltegietan aurreikusitako plan batez hitz egiteko. Bileran jakin zutenez, zientzia elkartea ur-biltegiei buruzko txosten bat garatzen ari da, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, eremua “hobetu eta balioan jartzeko” proiektu bat sustatzeko asmoarekin.
Albistea haientzat “ipurdiko” bat izan dela adierazi dute Lore Baratzetako kideek. Ez dute ulertzen zertarako egin behar den halako zerbait, Uliako auzo elkarteko boluntarioek urteetan zehar ur-biltegietan doako bisita gidatuak eskaini dituztenean: “Horri esker, Donostiako herritargoaren zati handi batek ur-biltegiak ezagutzen ditu jada, eta uste dugu doako zerbitzu hau ez litzatekeela mespretxatu behar”.
Parkekoen iritziz, proiektu honen atzean erakundeak bestelako interes batzuk ezkutatzen ari dira: batetik, azken urteetan zehar mintegien inguruan osatu den komunitatea desegiteko asmo politikoak daudela uste dute, eta, bestetik, ondare publiko bat pribatizatu eta zerbitzu bihurtzeko interesa dagoela susmatzen dute.
Gainera, komunikabideetan lehenago ere Aranzadik inoiz publikoki onartu ez dituen hirigintza planei buruz hitz egin izan dela gogoratu dute. Horregatik, oraingoan, udalaren jabetza den eremu honetan garatu nahi dituzten planen inguruko “informazio argia eta gardena” exijitu dute herritarrek.
Era berean, Lore Baratzetako kideek parkea zaintzen jarraitzeko duten konpromisoa berretsi dute, auzoaren nahia hori dela azpimarratuz: “Parkeko erabiltzaileok ez dugu txosten hau eskatu, eta auzoak ez du horren beharrik”.
2016ko txostena eta Aranzadiren paradoxa
Aranzadik aurkeztu berri dien egitasmoa zientzia elkarteak berak 2016an eginiko txosten baten ildoari kontrajarria dagoela uste dute parkeko kideek. Urte horretan, Aranzadik parkeari eta hura osatzen duen ekosistemari buruzko txosten sakon bat egin zuen, auzo elkartearen eta Uliako Lore Baratzaken eskariz. Ikerketa horren ondorioak 2016ko ekainaren 20an aurkeztu zituzten, eta parkea bere horretan mantentzearen aldekoak izan ziren. Lore Baratzetako kideek azaldu dutenez, “txostena Uliako Mintegien parkea balioan jartzeko mugarri izan zen”.
Horregatik, proiektu berri honen aurrean, zientzia elkartea “gune hau errotik eraldatzearen erantzulea” izatea “paradoxa” bat dirudiela azpimarratu dute: “Aranzadirekin atsekabetuta gaude. Izan ere, komunitatearekin lan egin ordez, ez gaitu entzuten, eta erakundeen interesei men egiten die”.