Zubietako hockey zelai berria eraikitzeko proiektua onartu dute
Tokiko Gobernu Batzordeak Zubietan hockey zelai bat egiteko proiektua onartu du gaur goizean. Eneko Goiaren arabera, “instalazio honi esker Donostiari hainbeste albiste pozgarri eman dizkion kirolak duen beharrari erantzungo zaio”. Hain zuzen, hockey zelai berri baten eraikuntza aspaldiko eskakizuna da, baina orain arte, ez diote konponbiderik eman; 1999. urtean, esaterako, hockeyarekin lotura zuten hainbat jokalarik eta arduradunek agerraldi bat egin zuten, agintariek zelai bat eraikitzeko egindako promesa betetzeko eskatzeko.
Datozen bi edo hiru asteetan proiektuaren baldintza-agiriak aterako dituztela jakinarazi du alkateak, eta lehiaketa zabalduko dute. Proiektua gauzatzeko epea urte batekoa izango da, eta lanekin datorren irailean hasteko asmoa dutela gaineratu du Goiak.
Lorenzo Goikoetxeak idatzi du proiektua, eta eta 3,5 milioi euroko aurrekontua du. Zelai berria nazioarteko norgehiagokak hartzeko prestatuta egongo dela jakinarazi du Goiak, eta belarra “azken belaunaldikoa” izango dela gaineratu du. Tokio 2020 Joko Olinpikoetan erabiliko den antzekoa izango dela esan du harro alkateak. 300 pertsonentzako harmaila estalia izango du, eta zelaia ureztatzeko zortzi kanoi izango ditu. Ureztatze-instalazioak kontsumo handia izango duela jakinarazi du alkateak, eta “proiektuaren jasangarritasuna bermatzeko”, euriaren ura zein ureztatzearen ura berriro aprobetxatzeko ur biltegi bat egingo dutela azaldu du.
Zelai berria Hipodromoaren ondoan eraikiko dute, aparkalekua eta Oria ibaiaren artean. Aipatutakoez gain, beste hainbat ekipamendu ere izango ditu: LED motako lau argiztatze-dorre, lau aldagela, epaileentzako aldagela, mantentze-lanetarako eta kirol materiala gordetzeko biltegia, komun publikoak, antidopin kontrola egiteko gela eta bulegoa.
Hockey zelaiaren sarbideak
Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak zelaiaren eraikuntzarekin zerikusia duen beste proiektu bat onartu du: zelaira oinezkoentzako eta bizikletentzako behin-behineko sarbideak egiteko proiektua. Goikoetxeak idatzi du ere, eta 69.788 euroko aurrekontua du. Aurreikusita dago oinezkoentzat zein bizikletentzako bide berria sortzea, Oria ibaia zeharkatzen duen Hipodromoaren zubitik instalazioaren sarrera nagusira arte. “Bi proiektuen gauzatzea aldi berean egingo da”, azaldu du Goiak.