3.629 ikusle izan ditu Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak
Urtarrilaren 29tik otsailaren 16ra egin dute Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia, eta oso balorazio positiboa egin du Donostia Kulturak. Umore ikuskizunak, musika eta kabareta izan dira nagusi aurtengo jaialdian, eta 3.629 ikusle izan ditu. Era berean, hilaren 15ean Intxaurrondo Kultur Etxean egin zuten itxiera festara 280 pertsona hurbildu zirela nabarmendu dute. Sare sozialetan jaialdiak izan duen jarraitze gorakada ere azpimarratu dute.
Aurtengo jaialdian hamasei konpainia egon dira, hiriko 26 agertokitan, tabernetan, bereziki, 34 emanaldi eginez. Era berean, emanaldietako hamasei euskaraz izan dira. Generoari dagokionez, hamazazpi obratan emakumeak izan dira protagonistak, bi mistoak izan dira, eta hamabost obratan gizonak izan dira pertsonaia nagusiak.