Udalak Arte Ederren eraikinaren barne egiturako zati bat eraisteko baimena ukatu dio SADEri
Donostiako Udalak ukatu egin dio S.A. Deportes y Espectaculos (SADE) enpresari Arte Ederren eraikinaren estalkiaren eta barne egituraren zati bat botatzeko baimena. Iazko apirilaren 24an eskatu zuen SADEk besaulkien aretoko sabaia eta gela bereko egiturak botatzeko baimena, eraikinak erortzeko arriskua zuelako. Horrela, bere garaian eraikinaren kupularekin egin zuten moduan, aipatu aretoko sabaia bota nahi zuen eraikinaren jabe den enpresak, gaur egungo egiturak indartzeko aukera baztertuz.
Eraikina, ordea, PEPPUC Ondarea Babesteko Plan Bereziko C mailan dago katalogatuta, horregatik, baimena ukatu egin dio udalak, SADEren proiektuak eraikinaren gaur egungo babesa murriztea zekarrela egiaztatu ondoren. Udalak azaldu duenez, ez du bat egiten enpresaren proiektuarekin, eraikinaren balioak galtzea ekarriko lukeelako. Era berean, SADEk irtenbide egokia bilatzeko elkarrizketak egingo zituztela adierazi du udalak, baina “alferrikako negoziazioa” izan dela nabarmendu du.
SADEk eskatzen zuena honakoa zen: besaulki aretoko ganbaran 1,80 metroko ertza duten habeak, beheko solairuko habeak, bigarren balkoiko habeak, habe makurra eta kupulako habeak konpontzea. Udaleko hirigintza arkitektoak, ordea, egindako txostenean nabarmendu du SADEren eskakizunean aipatu habeak eraisteko proposamena egiten zela, eta, horren ondorioz, baite habe horien gaineko elementu guztiak eraisteko ere. Hau da, hirigintza arkitektoaren arabera, “eraikina erdiko bolumenean erabat hustea” proposatzen zuen SADEk. Era berean, arkitektoak bere txostenean azpimarratu du konpontzeko ekintza ezin dela eraisteko ekintzaren antzekoa izan, eta, beraz, ezin dela eskaeraren aldeko txostenik egin, Administrazioarekiko Auzitarako Epaitegiko 3. Sailaren epaiaren hitzez hitzeko aipamena baino ez duelako.