Zubietako erraustegiaren aurkako ekintza egin du Ernaik Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan
Ernai Gazte Antolakundeko hainbat kidek ekintza bat egin dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Aldundiko sarrera zintaz itxi dute, eta atarian lau gaztek margo horia bota diote euren buruari. Lurrean, pankarta bat zabaldu dute PNV-PSE, ustelen legea, errautsa eta kea leloa idatzia zuena. Martxoan jarriko dute martxan Zubietako erraustegia, eta Ernaikoek gogor salatu dute proiektua: “merkatuaren eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren aldeko aldarria egiten dugu”.
Era berean, EAJ eta PSE-EE alderdiak jarri dituzte jomugan, eta erraustegia eraikitzeko erabakia “herritarren hitzaren kontra” hartu izana leporatu diete. “Gipuzkoarrek urte luzez esan diote ezetz proiektu txikitzaile eta kutsakor horri, eta beraien poltsikoak diruz betetzeko helburuarekin piztuko dute hiltzera kondenatuko gaituen proiektua da”, gaineratu dute. Zaldibarreko auziri ere erreparatu diote, eta baieztatu dute kasu horrek “ustelkeria eta klientelismoa”egiturazko aferak direla argi utzi duela.
Aldarrikapen horiek zabaltzen jarraitzeko, protestak egingo dituzte ikasle eta gazteek otsailaren 27an, Donostian, Lasarten eta Eibarren. Goizeko mobilizazioak 12:00etan izango dira: Donostian, Gipuzkoa Plazan hasiko da martxa, eta Eibarren Untzaga plazan. Arratsaldean, berriz, 19:00etan izango dira, Lasarteko Okendo plazan, eta Eibarren, Untzaga plazan.