246 eskailera Donostiako eraikin altuenera igotzeko
Artzain Onaren katedralaren dorrea zaharberritzeko lanen baitan, hiria erdigunetik 360 graduko bistan ikusteko begiratoki bat egiten ari dira. Hiritarrek lehen aldiz izango dute aukera Donostiako eraikin handienera igotzeko. Aste honetan proiektuaren arkitektua den Aitor Zubiak eta udaleko hainbat karguk, prentsari eta argazkilariei bisita gidatu bat eskaini diete, irekiera baino lehenago.
Zubiak azaldu duenez, dorreak barruan zortzi solairu ditu guztira. Azpiko hirurak, babestuta daudenak eta urik jasotzen ez dutenak, egoera onean zeuden eta ez dira aldatu. Gainontzeko goiko bost pisuak aldatu egin dira, ordea, euriagatik altzairuzko egitura guztiz desegina zegoen eta. Lehenengo herena kontrafuertearen barruan dagoen eskailerek osatzen dute. Harrizko 121 eskailera daude han, 25 metro igotzen diuztenak, eta horiek igota, egitura berritua legoke. Aipatu eskaileren jarraian, egurrezko 125 eskailera daude, beste 25 metro igotzeko. Hirugarren herena punta litzateke.
2017. urtean Espainiako Sustapen Ministerioaren “kultur %1a” deritzon diru-laguntza programaren baitan sortu zen proiektua. Estatu mailako lehiaketa horretara proiektua bidali zuen Zetabi Arkitektura Bulegoak, %50eko finantziazioa eskatuz. Zati hori lortu zutenenan batu ziren Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala proiektura. 2018ko abendua eta 2019ko urtarrila bitartean hasi zen obra, eta bi hilabetez egon ziren aldamioen muntaiarekin.
Egitura horizontala edo egitura zaharra kentzerako orduan, asko ahultzen zen perimetro guztia. Beraz, berria muntatzeko zaharra utzi behar zen, eta erdi muntatuta zegoen momentuan zaharra kendu. Harriarekin egindako lana artisautza lana izan dela aipatu du Zubiak: “Banan-banan joan dira ikusten nola dagoen pieza bakoitza, garaiko teknikak erabiliz, pieza bakoitza egoki eta seguru dagoela bermatzeko”.
Faltako litzakeena argiteria monumentalaren suministroa litzateke, oraindik fabrikatze prozesuan dagoena. Bisitak nork kudeatuko dituen oraindik ez dakite, baina Zubiak aurreratu duenez, bisita bakoitzean hamabost pertsona inguru egon ahal izango dira. Obraren amaiera dataz galdetuta, ez du oraindik argi ikusten noiz izango den, baina Aste Santuan lanak amaituta egongo direla espero du.
IRUTXULOKO HITZA han izan da, Joseba Parron argazkilariarekin batera. Bilduma batean jaso ditugu Parronek egindako argazkiak.