Anbulantzietako langileek protesta egin dute euren lanean babes gehiago eskatzeko
Gipuzkoako anbulantzietako langileek elkarretaratze bat egin dute goizean Donostiako epaitegiaren aurrean, haien lana egitekorakoan segurtasun gehiago izan dezatela eskatzeko. Epaitegi barruan, langileetako batek 2018an lanean ari zenean jasan zuen agresio bat epaitzen ari ziren, eta bere kideak eraikinaren kanpoan bildu dira hari elkartasuna adierazi eta ogibidean bizi duten egoera salatzeko.
“Anbulantzietako langileei eraso gehiagorik ez!” zioen pankarta batekin egin dute protesta, azken urtean langileek hainbat eraso jasan dituztela azaleratzeko, izan fisikoak edo hitzezkoak. Azaldu dutenez, joan den larunbatean beste kide bat erasoa izan zen bere lana egiten ari zen bitartean.
SADAE izeneko larrialdietarako arreta zerbitzua Bizkaian zentralizatu zutenetik, patruila polizialen erantzuna askoz motelagoa izaten ari dela azpimarratu dute. Horren ondorioz, anbulantzietako langileek agenteen babesik gabe jardun behar izaten dutela azaldu dute, askotan gauez eta arriskutsuak izan daitezkeen guneetan.
Egoera aldatzeko, protokoloak eguneratu eta betearazteko deia egin diete erakundeei, eta gauzak aldatu bitartean, mobilizazioak antolatzen jarraituko dutela aurreratu dute.