Asteburu osoko egitaraua prestatu dute Mojo Workin' jaialdian
Hiru aste eskas gelditzen dira Donostiako XI. Mojo Workin’ jaialdia izateko, eta egitarau osoa aurkeztu dute dagoeneko. Martxoaren 12tik 15era egingo dute jaialdia, eta egun nagusiak ostirala eta larunbata izango badira ere, ostegunetik igandera hiria musika beltzean murgilduko dute. Chris Clark, Carolyn Crawford eta Dean Parrish Motown diskoetxeko legendak eta Ruby Andrews Chicagoko soularen aitzindaria izango dira aurtengo jaialdiko musikari nagusiak. Tokiko musikariez osatutako The Individuals taldearekin joko dute ostiraleko eta larunbateko Gazteszenako kontzertuetan.
Era berean, Phil Dick, Angel Ivy, Comanche Tropical, Roberto Tortuga eta Esteban Ruiz izango dira Eiger tabernako Alldayer sesioak egingo dituzten DJ-ak. Bestalde, urteroko legez, Gazteszenan Allnighter sesioak egingo dituzte, kontzertuen ondoren. Hain justu, Bea GB, Jose Carlos MG, Syl All, Imanol Basterra, Cristina Alonso, Alex Subinas eta Dr. Punko izango dira sesio horiek gauzatuko dituzten DJ-ak. Ostiralerako eta larunbaterako sarrerak Donostia Kulturaren leihatiletan eta webgunean eros daitezke, eta, jaialdiaren arabera, bi egunetako abonamendu gutxi gelditzen dira salgai, eta sarrera solteak ere azkar saltzen ari dira. Jarraian, egitarau osoa:
Martxoak 12, osteguna:
- 20:30ean, Mavis Staplesen omenezko Mavis! filma proiektatuko dute, Trueba zinema aretoetan.
Martxoak 13, ostirala:
- 17:00etan, Alldayer DJ sesioa egingo dute Eiger edaritegian, doan.
- 21:00etan, The Magnetophones taldeak irekiko du gaua Gazteszenan, eta Carolyn Crawfordek eta Dean Parrishek joko dute ondoren. Azkenik, Allnighter DJ sesioa egingo dute.
Martxoak 14, larunbata:
- 17:00etan, Alldayer DJ sesioa egingo dute Eiger edaritegian, doan.
- 21:00etan, Guadalupe Plata taldeak irekiko du gaua Gazteszenan, eta Ruby Andrewsek eta Chris Clarkek joko dute ondoren. Azkenik, Allnighter DJ sesioa egingo dute.
Martxoak 15, igandea:
- Vermouth sesioa egingo dute Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, Big Bob Railroad eta Gildas Hot Club taldeen eskutik, doan.