Donostia Baiona Donostia martxa apirilaren 5ean egingo dute, dortsal guztiak salduta
Apirilaren 5ean egingo den Donostia Baiona Donostia martxa zikloturistak zaletuen artean duen arrakasta berretsi du aurtengo dortsalen salmentarekin. Egitasmoaren antolatzaileak, Bera Bera kirol elkarteak, abenduaren 1ean ireki zuen martxan izena emateko epea, eta salgai zeuden 1600 dortsalak otsailaren hasierarako agortu ziren.
Hemeretzigarren aldiz egingo duten martxak honek bi ibilbide eskaintzen ditu, luzea, 130 kilometrokoa, eta motza, 90 kilometrokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ere parte-hartzaileen gehiengoak, %83ak, ibilbide luzea egitea erabaki du.
Donostia Baiona Donostia ez da proba lehiakor bat, eta, horregatik, ez dauka sailkapenik. Antolatzaileek bizikletaz eta ibilbideaz gozatzeko ekimen gisa aurkezten dute, eta baita kirola bera balioan jartzeko ere. Horregatik, martxak urtero txirrindularitzaren munduko pertsona bat omendu ohi du, eta honakoan, Samuel Sanchez txirrindulari asturiarrari egokitu diote ohore hori.
Datari dagokionez, probak bat egingo du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin, baina antolatzaileek aurreratu dute horrek ez duela inolako oztoporik eragingo. Martxaren ibilbidea irekia denez, haien hauteslekuetara joan beharko duten herritarrek errepidea arazorik gabe gurutzatu ahal izango dute.
Donostia Baiona Donostiaren ibilbidea eta ordutegiak martxaren webgunean kontsultatu daitezke.