Etxebizitzaren Behatokia atzerapen gehiagorik gabe sortzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari
EH Bilduk Etxebizitzaren Behatokia atzerapen gehiagorik gabe sortu dezala eskatu dio gaur Udal Gobernuari, Donostiak esparru horretan dituen hainbat arazoetan fokua jarriz. Alderdiaren ustez, hiriak etxebizitzaren arloan bizi duen egoera “oso kezkagarria” da, eta EAJ eta PSE-EE-ren etxebizitza politikak emaitzarik ematen ez duela adierazi du, “arazoak egunetik egunera okerrera egiten duen bitartean”.
Burutaranen arabera, etxebizitzari buruzko datuek monitorizazio iraunkorra behar dute, une oro Donostian etxebizitzaren arazoa zein egoeratan dagoen zehatz mehatz jakiteko eta une bakoitzean neurririk eraginkorrenak hartu ahal izateko. Hori dela eta, udalbatzak 2018an onarturiko Etxebizitzaren Behatokiaren sorrera behingoz aurrera eramatea eskatu dio EH Bilduk alkateari: “Onarpen hartatik ia bi urte igaro dira, baina Eneko Goiaren gobernuak osoko bilkuraren mandatua bete gabe jarraitzen du”.
Horregatik, EH Bilduk kontrol mozio bat aurkeztuko du datorren osteguneko udalbatzarrean, gobernuak atzerapenari buruzko arrazoiak ezagutzera eman ditzan eta, bide batez, “hiriarentzat funtsezkoa den arazo hau konponbidean jartzeko zer egiteko asmoa duten jakiteko”.
Burutaranek azaldu duenez, behatokiak etxebizitzaren portaeraren jarraipen zuzena egin beharko luke, bai prezioaren bilakaerari dagokionez (alokairuan eta erosketan), bai eskaintzari dagokionez. Era berean, udalak ezartzen dituen ekintzek merkatuan dituzten ondorioen eragina ere neurtuko lukeela zehaztu du zinegotziak.
Organo horren beharra nabarmentzeko, Burutaranek adierazi du etxebizitzarena Donostiako herritarrak gehien kezkatzen dituen arazoa dela, eta haietako asko euren auzoetatik “kanporatuak” izaten ari direla azpimarratu du. Egoeraren larritasunean sakontzeko, etxebizitzaren arazoari loturiko hurrengo puntuak zerrendatu ditu bere hitzartzean:
-
“Alokairuko etxebizitzaren prezioak sekulako gorakada izan du azken urteotan Donostian, eta gaur egun hilean 1.200 euro ingurukoa da”.
-
“Alokairuko etxebizitza eskatzen ari diren donostiarren kopuruari buruz ezagutzen ditugun azken datuen arabera (Txomin-Eneako alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen zerrendetan inskribatuta daudenak) 9.400 inguru dira. Aurten Donostian 162 babestutako etxebizitza baino ez dira eskainiko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2020rako Txomin-Enean eraiki behar zituen babestutako 146 etxebizitzak ere geldirik daude, eta obrak hasi gabe. Erritmo horretan 60 urte beharko lirateke egungo eskariari erantzuteko”.
-
“INEren arabera, Grosek 1.000 biztanle galdu ditu azken hamarkadan, eta Erdialdeak eta Parte Zaharrak, berriz, %6 inguru. Donostiak %1 irabazi du epe berean”.
-
“Etxebizitza turistikoak: datu ofizialen arabera, aurreko legegintzaldiaren amaieran, 1.200 pisu turistiko baino gehiago zeuden Donostian. Joan den astelehenean, Udal Batzordean, Hirigintza zinegotziak adierazi zuen legegintzaldi honetan dagoeneko 128 pisu turistiko ireki direla, bi egunean behin bat. Lau urteko proiekzio hipotetiko batek egingo bagenu, legegintzaldi honetan Donostiak 800 bizitzeko-etxebizitza baino gehiago galduko lituzke, turismora bideratzeko. Baina pisu turistikoak arautzen dituen araudia dagoen segurtasun juridikorik ezak legezko hutsunea sor dezake, eta pisu turistikoen gaineko kontrola are eta gehiago galdu”.
-
“Hotelak: Bizitzeko eraikinetan hotelak jartzeko moratoria 2021eko martxoaren 25ean amaituko da. Udal Gobernuak datorren astean onartuko duen HAPOren aldaketaren hasiera berriak urtebete baino gutxiagora murriztu du tramitazio guztia egiteko epea. Esperientzian oinarrituta, oso zaila da tramitazio osoa hain hilabete gutxietan bukatzea,eta, beraz, eszenatoki errealista da pentsatzea datorren urteko martxoaren 26an berriz ere posible izango dela Donostiako bizitzeko eraikinetan hotelak irekitzea”.
-
“3/2015 Legea, ekainaren 18koa, Etxebizitzarena, etxebizitza duin eta egoki bat legez izateko eskubide subjektiboa aitortzen du, eta auzitegietan eskatzeko ekintza publikoa ere ahalbidetuz. Tamalez, ia bost urte geroago legea apenas ez da garatu. Adibide bat jartzearren, oraindik ezin da aplikatu Donostian dauden milaka etxe hutsak ateratzeko neurri oso egoki bat: bi urte hutsik daramatzan etxebizitza alokatzera ateratzera derrigortzeko neurria”.
-
“Funts putreak: Azora Donostiara iritsi da eta 321 etxebizitza eskuratu ditu Grosen, Erdialdean eta Amaran. Beste aledtik, Blackstonek Antiguan beste 510 etxebizitza ditu. Denera, 831 familia bizi dira espekulazio basatiaren mehatxupean. Egoera honen aurrean, ez dira ulertzen Eneko Goiaren hitz antzuak: “Azorak konpromisoa hartu du kontratuek indarrean jarraitzen duten bitartean prezioa ez igotzeko”. Hara! kontrakoa legez kanpokoa litzateke! Baina kontratuak bukatu ahala alokairuak garestitu egingo direla eta etxebizitza batzuk erabilera turistikorako erabiliko direla gauza jakina da. Udal Gobernuak konpromisoa hartu behar du kaltetutako pertsonei aholku emateko eta espekulatzaile profesional horien aurrean defendatzeko”.