Inauteriak direla eta, aldaketa ugari egingo dituzte hiriko garraio publikoan
Asteburu honetan ospatuko dira inauteriak Donostian, eta jaiez gozatu ahal izateko, hainbat aldaketa egingo dituzte hiriko garraio publikoan eta TAOn. Dbusi dagokionez, autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte gaur, hilak 20, Illunbeko inauterietako konpartsen aurkezpenera joateko. Era berean, larunbatean aldaketak egingo dituzte Egiako eta Antiguako autobus lineetan, baita Altzakoetan ere, igandean, ordu tarte berean. Horretaz gain, larunbateko gautxorien zerbitzua areagotu egingo dute, goizaldeko 5:00ak arte, eta aldaketa guztiak Dbusen webgunean kontsultatu daitezke. Ekialdebuseko autobusek ere zerbitzu bereziak eskainiko dituzte larunbat gauean.
Euskotreni erreparatuz, zerbitzuak areagotuko dituzte, hamabost minuturo egongo baitira topoak, Amara-Irun eta Irun-Amara lineetan. Era berean, hiriko TAOan ere aldaketak egingo dituzte, TAO txartela duen orok Aparkaleku Mugatuko Guneetako edozein sektoretan aparkatu ahal izango du. Hala ere, ezin izango dute doan aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan, 15 minutuko guneetan, hain justu.