Juanmi Gutierrezen lanak bildu ditu Zapi T'erdi ekoiztetxeak webgune batean
Zapi T’erdi ekoiztetxeak Juanmi Gutierrez zinemagileak sortutako lanak bildu ditu webgune batean, bere heriotzaren efemeridearen harira. Hain zuzen 2019ko otsailaren 18an zendu zen Gutierrez, eta asteartean aurkeztu zuten egitasmo berria. “Gorputzak badoaz, baina ekintzak betirako dira”, adierazi dute ekoiztetxekoek.
Honela deskribatu dute Zinea atariko kideek zinemagilearen lana: “Zinemagintza dokumentalean aditua eta aritua. Errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena, azaldu zuten beti Gutierrezek sortutako lanek. Izan ere, giza eskubideen defendatzaile porrokatua izan zen”.
Film labur zein luzeak egin zituen, eta azken urteetan Pello Gutierrez semearekin aritu zen lanean, Zapi T’erdi ekoiztetxean. Honakoak dira bere sorkuntzetako batzuk: Cuentos de mayo (1998), Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011), Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012).
Era berean, hemengo eta nazioarteko zinema jaialdietan eskarmentua zuen, izan ere, ugaritan aurkeztu zituen bere lanak. Donostiako Zinemaldian, esaterako, bere filmetako hamar estreinatu zituen.