Protesta sozialean ari ziren zortzi pertsona identifikatu dituztela salatu du Piztu Donostiak
Azken 24 orduetako datuak dira horiek: Piztu Donostiak jakinarazi duenez, hainbat protesta sozialetan parte hartzen ari ziren zortzi pertsona identifikatu ditu poliziak. Grosen, atzo iluntzean, Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituen, euskal presoen aldeko asteroko enkarteladan, “presoen argazkiak eramateagatik”.
Añorgan beste bi pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, martxoaren 28an egingo dute Elkartasun Eguna iragartzeko pankartak jartzen ari zirela. Gainera, biak miatu zituzten, baita haien autoa ere.
Azkenik, atzo goizean, Ernai gazte antolakundeak Gipuzkoa plazan egindako ekintza batean lau lagun identifikatu zituen poliziak.
Piztu Donostiak hirian gertatzen diren “eskubide urraketen” jarraipena egiteko Donostiako Eskubideen Behatokia jarri du martxan, eta 2020 urte hasieratik pasa diren 49 egunetan, poliziak hogei herritar identifikatu dituela jakinarazi dute.