Hollywoodeko istorio bat Donostian
2018ko udan Donostian zeuden Andrea Yoko eta Carmen Peña madrildar gazteak, eta postal batzuk topatu zituzten lurrean botata. Hortik tiraka, Victor Souto Gilen istorioaren berri izan zuten.
Zerikusirik ez duela eman dezakeen arren, Frangipani blues taldea da istorio honen abiapuntua. Oraindik jotzen ez bazekiten ere, taldea osatzeko erabakia hartu zuten 2016an Andrea Yoko eta Carmen Peña lagun madrildarrek, eta 2017ko udan beraien lehenengo bira egin zuten, Yokoren furgoneta zaharrarekin.
Ibilgailu horrek markatu zuen zein hiritan gelditu jotzera eta zeinetan ez, zituen matxuren arabera. Hain zuzen, bira horretan, furgonetak gehiago ez ibiltzea erabaki zuen Galiziako herri batean, eta taldeko abeslariak, nazkatuta, Madrilera itzultzea erabaki zuen. Egun berean, herriko portuan entseatzen ari zirela, gizon batek Hollywoodeko gidoilariz beteta zegoen yate batean kontzertu bat ematea eskaini zien.
2018ko udan, furgoneta hartu zuten berriz ere, Frangipaniren bigarren bira egiteko, eta Donostiatik zebiltzan uztailean, Jazzaldiaren garaian. Hain zuzen, Ruben Bladesek Zurriola hondartzan egin zuen kontzertuaz gozatu zuten bi lagunek, eta, bukatu zenean, paseatzen ari zirela, postal ugari topatu zituzten Erdialdeko Arrasate kalean, lurrean botata. Hartu egin zituzten, eta taberna batera joan ziren irakurtzera.
Postalak munduko punta guztietatik zeuden bidalita, 1955. eta 1980. urteen artean. Victor Souto Gilek sinatzen zituen guztiak, eta bere amarentzako edo bere arreba Ceciliarentzako ziren. Yokok azaldu duenez, postal haiekin liluratuta gelditu ziren hasieratik: “Harribitxi batzuk iruditu zitzaizkidan postalak, garai hartan ez zelako hain ohikoa bidaiatzea. Segituan hasi ginen Victor maitatzen”. Era berean, bi susmo izan zituen Yokok: alde batetik, Victorrek airelinea bateko langilea izan behar zuela pentsatu zuen, denbora tarte txikietan oso leku desberdinetatik bidaltzen zituelako postalak. Bestetik, homosexuala zela ere pentsatu zuen, bere lagun baten inguruan nola idazten zuen ikusita.
Jakin-minez beteta itzuli ziren Madrilera bi lagunak, eta Interneten behin baino gehiago bilatu bazuten ere, ez zuten Victorren arrastorik topatu. Hala ere, Yokok bideo pieza txiki batzuk egin zituen postalekin: “Hegazkin bidaietako irudiak postaletan aipatzen ziren lekuetako artxiboko irudiekin nahasi nituen, nire lagun batek postalak off ahotsean irakurtzen zituen bitartean”.
Postalen gaia pixka bat alde batera utzi bazuen ere, Yokok ez zuen inoiz ahaztu, eta, handik hilabete batzuetara, “bihozkada bat” izan zuela dio: “Interneten sartu nintzen, eta Cecilia Souto Gilen, Victorren arrebaren, eskela topatu nuen”. Eskela horretan aipatzen ziren anai-arreben artean, Victor zegoela ikusi zuen, baina gurutze bat zeukan ondoan, hilda zegoen, alegia. Ordea, Ceciliaren arreba batek, Manuelak, gurutzerik ez zuela ikusi zuen, eta, “nire aukera da”, pentsatu zuen. Telefono gidan bere telefono zenbakia aurkitu zuen, eta deitu egin zuen.
Imanol Iturripeak, Manuelaren semeak, hartu zuen telefonoa, eta Yokok postalen istorio guztia kontatu zion. Iturripeak hasieratik hartu zuen konfiantza Yokorekin, eta bere osaba Victorren eta bere familiaren historia kontatu zion: 36ko gerran Donostiatik alde egin behar izan zuten, bere aitona, Victorren aita, gauero etxetik ateratzen zutelako, fusilatua izateko mehatxupean. Gerora, familia hirira itzuli zen, baina Victorrek airelinea batean egiten zuen lan, hegazkineko zerbitzari gisa, eta tarteka itzultzen zen Donostiara. Yokoren lehenengo susmoa, beraz, egiaztatuta gelditu zen. Iturripearentzat berezia izan zen Yokoren dei hori: “Niretzat, dibertigarria izan da Yokoren bidez osabaren berri izatea, nahiko ezezaguna baitzen familian”.
Horrela, Yoko Donostiara gonbidatu zuen Iturripeak, eta iazko azaroan etorri zen. Manuelaren gogoko ez zela erraza esan zion donostiarrak Yokori, eta madrildarra prestatu egin zen: “Japonian bizi nintzen 8 urte bete nituen arte, eta nire ekialdeko kortesia guztia erabili nuen Manuelarekin”. Iturripearen arabera, bere amari oso ondo erori zitzaion Yoko, eta “noiz itzuliko da?” galdetzen hasi zitzaion.
Iturripeak Donostia erakutsi zion egun haietan Yokori, eta Polloe hilerrira ere joan ziren Victorren hilobia bilatzera. Bitartean, familia istorio ugari kontatu zizkion donostiarrak Yokori, eta, bitxikeria gisa, Victor homosexuala zenaren susmoa ere baieztatu zion Iturripeak madrildarrari, ia ehuneko ehunean.
Postalak, inspirazio iturri
Yoko urtarrilean itzuli zen Donostiara, eta bere artista senarekin, hainbat gauza grabatu zituen, ikus-entzunezko bat egiteko asmoa baitauka: “Dokumental bat egiten ari naiz Victorren postalen harira, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu nahiko nuke”. Lan horren haria Manuela izatea nahi zuen Yokok, baina oso zaharra denez, ez du nahi, eta Imanol oso prest agertu da narratzaile lanak egiteko.
Bestalde, beraien bidaietako istorioekin abentura nobela bat idazteko asmoa ere badute Peñak eta Yokok, postalen istorioa ere hor sartuz. Era berean, Victorren istorioak fikzioa ematen duenez, etorkizunean gidoi literario bat, komiki bat eta film bat egitea gustatuko litzaioke Yokori, “errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasa” eginez.