Hotel bat parrokia zaharraren ondoan
Jose Maria Soroa kaleko eta inguruko bizilagunak kezkatuta daude. San Pio X.aren parrokiaren ondoan hotel bat irekitzeko asmoa du promotore batek, eta turistifikazioak auzoko leku lasai honetara ekar dezakeenaren beldur dira.
Hirian zortzi hotel inguru inauguratuko dituzte aurten. Beste asko eraikitzeke dauden proiektuak dira, oraindik baieztatu gabeak. Horietako bat Grosen eraikitzekoa da.
Bi Berri izeneko promotore donostiar batek Grosen sei solairuko hotel bat eta parking bat eraikitzeko tramiteei ekin die. Ategorrieta hiribidearen, Jose Maria Soroa eta Marino Tabuyo kaleen artean dagoen lursailean eraikiko litzateke. Egun ez du erabilerarik, eta Maria Sortzez Garbiaren ordena da jabea. Ondoan, San Pio X.aren parrokia, hutsik dagoen mojen egoitza eta Maria Inmaculada ikastetxea daude. Hotel berri honen promotorearen asmoa etxadia osatzea da. Barrualdean eraikin komertzial bat egingo dute.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-inpaktuaren txostena du. Udalaren lehen onarpena gainditu du, eta agerpen publikoa egin du. Bizilagun batzuek alegazio bat jarri dute proiektuaren eraikuntzaren kontra.
Udalak dio momentuz inork ez duela baimenik eskatu hotel bat egiteko, soilik xehetasun azterketa bat egin dela, ikusteko lur-sail horretan zer egin daitekeen. Halere, azaldu du lur-saila tertziarioa dela, eta beraz, hotel bat eraiki daitekeela.
Josu Rodriguez (Gros, 1967) Jose Maria Soroa kaleko 23. atarian bizi izan zen 1969. urtetik 1991. urtera arte, San 0Pio X.aren parrokia parean, bere gurasoekin eta bederatzi anai-arrebekin. Errenteria kaleko El Cangrejo kirol elkarteko idazkaria izan da orain dela egun batzuk arte, eta Groseko bizilaguna izaten jarraitzen du.
Euren etxea berria zen Josu eta bere familia hara bizitzera joan zirenean: «Txikitatik ezagutu izan dut parrokia». Berarentzat, betidanik egon da hor. ‘Servicio Doméstico San Pio X’ izenez ezagutu izan du han dagoen mojen egoitza. Klausurako mojak zeudela badaki, baina ez dago ziur egun bertan jarraitzen duten ala ez.
Josuk dioenez, nahiko aldatu da parrokiaren ingurua. Tailerrak zeuden lehen, eta orain dauden bietatik bat garai horietan ere bazegoen: Danena, Jose Maria Soroa kalean. Oliba denda bat, bi taberna, drogeria bat… Garai horretatik geratzen den bakarra, Danena tailerraz gain, El Cangrejo kirol elkartea, Juanjo Taberna eta Vicente Lopez kioskoa dira, Josuren esanetan. Azken hauek Errenteria kalean daude, lehen San Miguel Tertzioa zena.
Egun hutsik dagoen lursailaz galdetuta, bertan ez dela inoiz ezer egon esan digu, bera auzoan bizi denetik behintzat. Eta parrokiaren aurretik, zer? Argazki zaharretan arakatuta, ikus daiteke 1900. urteen hasieran, eliza zegoen lekuan bertan Ramon Kutz garagardo fabrika zegoela.
Rodriguezen ataria zena, 23. zenbakia, asko aldatu da. Haiek sartu zirenean etxeak berriak ziren, baina horiek ere berritu dituzte geroztik. Laugarren solairuan bizi ziren, barrualdeko etxe batean.Handik ikus zezaketen La Voz de España egunkariko erredakzioaren patioa. Bertan zeuden baita ere La Voz del Lunes astekaria eta Unidad arratsaldetako egunkaria, denak Frankismo garaiko pentsamenduaren ildokoak. Josuk 13 urte inguru zituela, 1980. urtean, Espainiako Polizia gerturatu zen erredakziora. Itxi egin zituzten egunkariak, Francoren heriotzaren ostean
Jaunartzeak etxe ondoan
Jaunartzeekin eta lagunen gurasoen hileta-elizkizunekin lotzen du auzoko parrokia, gehienbat. Gogora ekarri du txikitan bertan ospatzen zituztela jaunartzeak eta bataioak, auzoko beste ume askorekin batera. Familiatik etxean bizi ziren hamar anaietatik bostek egin zuten bertan jaunartzea, eta horietako bakoitzean berdin ospatzen zuten.
Parrokiatik gertu, Errenteria kalean, «Triangelua» deitzen zioten plaza bat dago, eta bertan, familia kideek argazkia egiten zuten. Argazkiaren ondoren, anai arrebak, gurasoak eta Josuren amonak El Cangrejo elkartean bazkaria egiten zuten.
Eta orain, zer?
Mojek aspaldi alde egin zutela argitaratu berri du hedabide batek, eta, auzoan, parrokia martxo honetan bertan itxi egingo duten zurrumurrua zabaldu da.
Josu eta beste bizilagun asko kezkatuta daude hotel honen eraikuntzak ekar dezakeenaren gatik. Bere ustez, orain arte eremu nahiko lasaia izan da, auzo izaera handikoa. Groseko beste eremu batzuetan eta Parte Zaharrean gertatzen ari den turistifikazioa inguru horretara ere iristeko beldur da. Turistifikazio eta gentrifikazio fenomeno horien errua udalarena dela dio. Kexu da egoerak horrela jarraitzen badu Grosek, Parte Zaharraren antzera, «parke tematiko» bat bihur daitekeelako.