"Kerobia desagertu ez balitz, disko honetara iritsiko zen"
Xabi Bandinik duela urtebete pasatxo abiatu zuen bakarkako ibilbidea, eta 'Biba!' bere bigarren diskoa argitaratu berri du. Dokan aurkeztuko du hilaren 22an, 20:00etan.
Duela urtebete baino gehiago abiatu zenuen zure bakarkako proiektua. Nola sentitzen zara proiektuarekin?
Duela ia bi urte hasi nuen bakarkako bidea, eta Begibakar diskoa atera nuen. Madrilgo etxean grabatutako disko xume eta lau bat zen. Birarekin hasi nintzenean, Alberto Isaba, Kerobiakoa ere bai, animatu egin zen, eta elkarrekin zuzenekoak prestatzen hasi ginen. Laster konturatu ginen martxa pixka bat gehiago nahi genuela, zuzenekoetara mugimendu gehiago eramateko. Hala egin genuen Begibakar bira horretan.
Horrela, disko berri bat ateratzeko ideia atera zen, eta Biba! atera zen, Xabi Bandini izenarekin, baina talde gisa. Kutsu dantzagarriagoa dauka orain.
Nola definituko zenuke Biba! diskoa?
Askotan esaten dut Kerobia desagertu ez balitz, disko honetara iritsiko zela. Hau da, inoiz guztiz galdu ez genuen bide originala berreskuratu dugu. Elektropop kutsuak ditu diskoak, 1990eko hamarkadako puntu batzuk ere bai, eta Supernova diskoko ukituak ere.
Zer desberdintasun ditu disko honek aurrekoarekin alderatuta?
Esango nuke lan hau talde batekin egin dudala, eta aurrekoa bakarlari gisa egin nuela. Gainera, orain Pello Reparazen produkzioa sartu da, eta asko nabaritzen da bere jakintza guztia.
Kerobiarengatik gogoratzen zaitu jendeak oraindik?
Bai, askotan galdetzen didate Kerobiarengatik, hori delako musikan izan garena. Azkenean, gure gaur egungo estiloa Kerobiaren garaikoaren berdina da. Horregatik, oso txarrak izan gara beti marketingarekin, ez diogu inoiz etekin handirik atera egin dugunari. Horren alde ona da beti bide berriak esploratzen ari garela, disko honetan egin dugun moduan. Alde txarra da zailagoa egiten zaigula aurrera joatea, diru kontuengatik.
Diskoaren bira hasi duzue dagoeneko, zer harrera izaten ari da diskoa?
Hatortxu Rocken hasi genuen bira; hainbat kontzertu egin ditugu jada, eta Dokan joko dugu bihar, gainera, oso leku enblematikoa da guretzat Doka. Nola hasi den? Errodajean. Nabaritzen dugu pop elektronikoan eta rockean egin behar dena etengabe jotzea dela. Birarako aretoak hartzen hasi ginenean, zenbat jende etorriko zen jakin gabe egin genuen, eta pentsatuz, ‘ondo baldin badoa, teknikoei ordaindu ahal izango diegu, eta, bestela, dirua galduko dugu’. Hasieran, esan genuen, ‘hainbeste urte musikan, eta horrela jarraitzen dugu’, baina ondo dago ere bai, zure musika lurrera jaisten duelako. Gainera, uste dut ez dela oso ohikoa gure maila xumean gurearen moduko musika planteamenduak egitea.
Zergatik da hain enblematikoa Doka?
Oso harrera ona izan dugulako beti, bai aretoaren aldetik eta bai jendearen aldetik ere. Sentsazio boteretsu batekin atera gara beti Dokatik, eta hori ez da kontzertu guztietan gertatzen.
Beste proiekturen bat daukazu buruan?
Duela hilabete batzuk hasi nintzen Jon Mayarekin Gauekoa proiektuan parte hartzen. Oso esperientzia polita da, rock-and-rolletik antzerkira pasatzeak burua hausten dizulako [barreak].