Langileen kontura eginiko iruzurra
Azken egunotan, Altzako kiroldegi berriaren eraikuntza lanetan hainbat irregulartasun egon direla salatu du ELA sindikatuak. Udalak obra publikoa bi enpresa handiri esleitu zien, Accionari eta Altuna y Uriari, oso prezio baxuan. Hauek, berriz, eraikuntzako lan gehiena azpikontratatzea erabaki zuten. Emaitza? Langileen esplotazioa, dokumentuen faltsutzea eta zorrak.
ELA sindikatuak urtarrilean eginiko salaketarekin azaleratu zen Altzako kiroldegiaren obrako iruzurra: abuztuaz geroztik hor jardun duten hainbat langile, kanpotarrak gehienak, legez kanpo aritu dira lanean, dokumentu faltsutuekin astean 50 ordu baino gehiago lan eginez eta 1.000 euro inguruko soldatak jasoaz.
Obraren arduraduna Acciona eta Altuna y Uria enpresek osatutako aldi baterako elkartea (ABEE) da, baina konpainia hauek soilik bi langile dituzte Altzako eraikuntzan lanean: obrako nagusia eta arduraduna, hain zuzen. Halako eraikuntzetan ohikoa den moduan, gainerako langile guztiak ABEEak azpikontrataturiko enpresenak dira.
Altzako kiroldegiaren obran bi azpikontrata sartu ziren, eta horietako batek, Colaper enpresa galiziarrak, iruzur sistema eraginkor bat muntatu zuen hor. Langileak estatuko beste zonalde batzuetan bilatzen zituen, Ponferradan (Gaztela eta Leon) eta Madrilen batik bat, eta hauei baldintza jakin batzuk eskainiz (1.800 euroko soldata, hamalau paga, etxebizitza, otorduak…), Donostiara etortzeko konbentzitzen zituen. Askok, soilik telefonoz izan zuten harremana haien nagusiarekin, bere aurpegia sekula ikustera iritsi gabe.
Lanean hasi eta zenbait astera, ordea, langileek argi ikusten zuten jasotako baldintzek ez zutela zerikusirik haiei aurretik promestu zietenarekin, eta gatazka pizten zen. Haien nagusia, baina, ez zen inondik ageri, eta ez zituen euren eskaerak erantzuten. Egoera horretan, eta etxetik urrun, langileek obra utzi eta haien herrietara bueltatzea erabakitzen zuten, zor dieten dirua inoiz berreskuratuko ez dutela asumituta.
Abuztuaz geroztik, Colaperrek hamar bat langileko lau kuadrilla ekarri ditu obrara, bata bestearen atzetik. Batzuek alde egiten zutenean, besteak ekartzen zituen, eta abar. Igor San Josek, ELAko Eraikuntzako arduradunak, obran langileen joan-etorri nabarmen bat zegoela sumatu zuen, eta hor gertatzen ari zena ikertzeari ekin zion. Horrela jabetu zen azpikontratak egiten zuen iruzurraz: “Obra hasi zutenetik, soilik soldaten zati txiki bat ordaindu diete langileei. Zentzu horretan, orain arte egin den lan guztia ia dohainik atera zaie”.
Esleipenaren prezioak “ez du ematen”
San Joseren iritziz, Altzan egin den iruzurra eraikuntzaren obra esleitu zenetik aurreikus zitekeen, hura prezio baxuegi batengatik egin zelako. Izan ere, udalak gehieneko aurrekontuak ezartzen zuena baino ia lau milioi euro gutxiagogatik esleitu zien obra Acciona eta Altuna y Uria enpresei; 12.441.731,70 eurotan, hain zuzen.
Altzakoaren moduko lehiaketa publikoetan, enpresek aurkeztutako proposamenak bi baremoren arabera puntuatzen dira, teknikoa eta ekonomikoa, baina, gehienetan, bigarrenak lehenengoak baino pisu gehiago izan ohi duela azaldu du San Josek: “Accionak eta Altuna y Uriak oso proposamen merkea aurkeztu zuten, eta puntuaziorik onena jaso zuten horregatik”.
Behin lehiaketa irabazita, aurrekontu horrekin halako eraikuntza bat modu legalean eraikitzea ezinezkoa dela nabarmendu du, ordea, ELAko kideak: “Enpresa handi hauek langile propio asko dituzte, eta obran lanean jarri ditzakete, baina esleipenak zehazten du obran Gipuzkoako hitzarmenarekin lan egin beharko luketela, eta gauzak behar den modura egingo balituzte, ez lukete etekinik aterako”.
Kiroldegia prezio horretan eta Gipuzkoako hitzarmena betetzen eraikitzea ezinezkoa dela jakinik, ABEEak azpikontratengana jo zuen, aurretik bere mozkin-marjina bermatuz. Jokaldi horrekin, ABEEak obrako langileekiko duen erantzukizuna ‘enpresa pirata’ baten esku utzi zuen, gerta zitekeenaren aurrean bere burua legalki babestuz.
Babesik gabeko langileak
Hasieratik estuegia zen aurrekontu batekin, eta ABEEak bere mozkin-marjina hartu ostean, Colaper enpresak bere negozioa egiteari ekin zion. Hortik aurrera, irregulartasunak bata bestearen atzetik iritsi ziren, baina engainatuak ziren langileek ez zuten egoera salatu, haiena ez zen herrian lekuz kanpo eta babesik gabe sentitzen zirelako.
San Joseren iritziz, hori da, hain zuzen, azpikontratek langileak Euskal Herritik kanpo bilatzeko arrazoia: “Obra Altzan egiten ari dira, langabezia handia duen auzo langile batean. Orduan, zergatik ez dituzte langileak hemendik hartu? Bada, ez dutelako nahi inguruko jendeak hemen gertatzen ari dena jakitea, auzo osoa haien kontra jarriko litzatekeelako. Babesik gabeko langileak nahi dituzte, haiekin nahi dutena egin ahal izateko”. Jokabide horrekin, gatazkarik sortuz gero, enpresak langileen protestak gutxi iraungo duela bermatzen du, hemen etxerik eta jende ezagunik ez dutelako.
Gauzak horrela, Euskal Herriko obra handi gehienetan lan egiten duten azpikontratek kanpoko jendearekin lan egitea nahiago dute, haientzako etxebizitzak ordaindu behar dituzten arren, iruzur egitea merkeagoa ateratzen zaielako. Hala ere, Altzako kasuan, Colaper enpresa are urrutiago joan da, langileei eskainitako ostatuetan eta otorduak eskaintzen dizkien tabernan milaka euroko zorrak pilatuz.
Ordura arte oharkabean pasatako egoerak inflexio puntu bat izan zuen, ordea, ELA-k urtarrilaren 22an lan-ikuskaritzan Colaper enpresa salatu zuenean.
Ikuskaritzaren esku-hartzea eta erreakzioak
Azpikontratak eginiko irregulartasunen artetik, ELA-k frogatu ahal izan zuen langileen osasun azterketak faltsutuak izan zirela, eta joan den asteko asteazkenean, lan-ikuskaritzak susmo hori berretsi zuen. Ondorioz, fiskaltzara jo dute langileen kontratuak ikertzeko, eta, erbia harrotuta, obrako arduradunen erreakzioak bata bestearen atzetik etorri dira.
Ikerketak oztopatzeko asmoz, egun batzuk lehenago, azpikontratak Fermin Group Ibericagatik aldatu zuen bere izena. Bere arduradunak, ordea, berdina izaten jarraitu du: Alejandro Ramos. Honek, ordea, Colaper enpresarekin inolako zerikusirik ez duela adierazi zion idatzi baten bidez Lan Harremanetarako Kontseiluari. Hori, ordea, Interneteko bilaketa sinple bat eginez gezurtatu daiteke, enpresen eta bere arduradunaren izenak bilatzaile batean idatziz gero, haien arteko lotura frogatzen duten hainbat emaitza agertzen direlako.
ABEEak, bere partetik, ikuskaritzaren ondorioak jaso bezain pronto, azpikontrata kanporatzea erabaki zuen, eta bere langileei obrara sartzea debekatu die geroztik. ELAk, ordea jarrera hori kritikatu du, Accionak eta Altuna y Uriak langile horiekiko erantzukizun bat dutela azpimarratuz: “Langileek ez daukate azpikontratak eginiko iruzurraren errurik, eta gainera obra amaierara arteko kontratu bat dute. ABEEari eskatzen diogu gurekin mahai batean eseri eta haientzako irtenbide bat proposatzeko jarrera hartu dezala”.
Kanporatuak izan diren langileak, bestetik, zor zaien dirua eskatzen eta euren eskubideak aldarrikatzen ari dira joan den astetik. Urtarrilean egin duten lanarengatik, adostutakoa baino gutxiago ordaindu zaie, eta otsailekoagatik, berriz, ez dute sosik jaso, ez azpikontrataren ez ABEEaren partetik.
Eta orain, zer?
Altzako kiroldegiaren obretan gertatutakoak hedabideetarako jauzia egin bezain pronto, ABEEak azpikontratak utzitako zorrak bere gain hartuko zituela iragarri zuen. Ostatuekin eta obra ondoko tabernarekin zituen zorrak azkar ordaindu zituen (soilik abenduaren 31ra artekoak), baina iruzurra jasan duten langileek oraindik ez dute beraiena dena jaso.
Udalak, bere partetik, larrialdietako batzorde bat egin zuen astelehenean gaiaren inguruan hitz egiteko, eta horren ostean, fiskaltzari behar duen guztian laguntzeko prest dagoela adierazi zuen. Obra publikoetan gertatzen diren irregulartasunen kontrolari dagokionez, berriz, ardura hori lan-ikuskaritzari dagokiola azpimarratu zuen udal gobernuak.
Halako egoerak saihesteko, ordea, erakunde publikoek enpresa esleipendunekiko egiten duen presioa areagotu beharko luketela uste du San Josek: “Enpresa handiek ongi dakite azpikontratek nola jokatzen duten. Eta bat tranpetan harrapatzen dutenean, beste batengatik aldatzen dute, etengabe. Halakoetan, enpresek isun bat jaso ohi dute, baina bistan da hori ez dela eraginkorra, hala ere etekina ateratzen dutelako”.
Horregatik, isunetatik penalizazioetara pasatzeko proposamena egin du ELAko kideak: “Haien obretan Gipuzkoako hitzarmena betetzen dela bermatzeko gai ez diren enpresek penalizazio bat jaso beharko lukete hurrengo lehiaketa publikoetan. Ea zer gertatzen den horrela”.