Larreko Mahaiak ingurumena eta bizitza ardatz dituen zabor kudeaketa bat aldarrikatuko du manifestazio batekin
Gipuzkoan klima larrialdiari erantzun herritar eta bateratua ematea xede duen Larreko Mahaiak manifestazio bat egingo du Donostian, otsailaren 29an, erraustegia gelditzeko eskatu eta ingurumena eta bizitza ardatz dituen zabor kudeaketa bat aldarrikatzeko.
Plataforma osatzen duten eragileetako kideek agerraldia egin dute Tabakalera ondoko Nestor Basterretxea plazan, protestaren berri emateko: “Herritarrok hitza eta erabakia hartu nahi dugu, hondakinen kudeaketa geure egunerokoen afera delako, zuzenean eragiten digulako, eta errausketa geure lur, gorputz eta bizitzak kutsatzerik nahi ez dugulako”.
Klima larrialdiaren egoera hondakinen kudeaketa “lotsagarriaren” ondorio ere badela adierazi dute, politikariek trantsizio ekologikorako proposamenik ez dutela azpimarratuz, eta haien helburua erraustegiaren lobbyen etekina handitzeko sistema bermatzea dela salatuz: “Guzti honen kaltea herritarrak ari gara jasaten, ingurumena ari da jasaten, Zaldibarren ikusten ari garen antzera”.
Hain zuzen, Zaldibarko zabortegiaren desastrea gogora ekarri dute, Zubietako erraustegiaren kudeaketa ere pribatua izango dela nabarmentzeko, eta agerian utzi dute birziklatze tasa areagotzeko helburu ekologikoa erraustegiari “jaten emateko” helburu ekonomikoarekin kontrajarria dagoela.
Larreko Mahaiaren ustez, gizarteak konpromiso kolektibo eta politiko bat behar du, kontsumoaren murrizketan, berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako sistema bat ezartzeko: “Trantsizio ekologikoa ardatz hartuko dugu eta bertan eragiteko konpromisoa geure egingo dugu”.
Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko dute, Easo plazatik.