«Oso egun polita da guretzat eta auzoarentzat»
Antiguotarrak dantza taldeko inude eta artzainek larunbatean egingo dute ohiko festa auzoan. 6 urte zituenean hasi zen dantzan Nora Miranda (Antigua, 1999), eta orain, irakasle gisa ere dabil.
Larunbatean, Merkatu Zaharretik abiatuko dira 11:45ean, eta 14:30ean amaituko dute; honakoa izango da ibilbidea: Antiguako Merkatu Zaharra, Alfontso XIII.aren plaza, Matia kalea, Txalupigillene plaza, Matia kalea, Guridi Musikagilearen kalea, Juan Garai kalea, Matia kalea, Gaskonia plaza, Erregezaintza kalea, Arantzazuko Ama auzunea, eta Mikel Laboa plazako frontoia.
Noiz hasi zineten inude eta artzainen festa antolatzen?
Antiguotarrak dantza taldeak 40 urte inguru ditu, eta nik uste dut ordutik inude eta artzainak egiten dituela; adibidez, baditugu 1964. urteko argazki batzuk. Gure aurretik, Antiguako Los Luisesek eta Erein taldeak antolatzen zuten festa, eta gure dantza taldeak erreleboa hartu zien. Los Luises elkartea Antiguako Gazte Danborradaren aitzindaria da, eta Erein taldeak aisialdiko eta kultur esparruko gauzak antolatzen zituen auzoan.
Noiz hasten zarete entseguak egiten?
Lehenik, diru-laguntzen eta baimenen tramitazioa egiten dugu, eta urrian kudeatzen dugu hori. Gabonetan, Olentzeroren desfilea ere antolatzen dugunez, eta urtarrilean auzoko jaiak direnez, urtarrila amaieran hasten gara inude eta artzainen eguna prestatzen. Hala ere, urtero egiten dugun zerbait denez, normalean, di-da antolatzen dugu.
Umeekin, esaterako, dantzak entseatzen ditugu. Urtean zehar, astean behin egiten dugu eskola Jakintzako haurrekin, eta adinaren arabera egiten ditugu taldeak. Haiekin abenduan hasten gara inude eta artzainen dantzak prestatzen.
Dantza taldeko kideez gain, auzotarrek ere hartzen dute parte festan?
Auzotarren parte hartzea ezinbestekoa da. Gainera, modu askotan hartzen dute parte: pertsonaiak interpretatzen, danborradan, txarangan, eta abar. Desfilean zehar txokolatea, barkilloak eta izozkiak banatzen ditugu, eta horiek prestatzeaz eta banatzeaz ere beraiek arduratzen dira. Deialdia egiten dugu eta jende asko animatzen da. Desfileko pertsonaiak, normalean, dantza taldeko umeen gurasoak izaten dira. Auzoko gazteak ere animatzen dira, dantza taldekoen kuadrillakoak eta lagunak, adibidez. Oso egun polita da guretzat eta auzoarentzat.
Egun horretan erabiltzen dituzuen jantziak nondik ateratzen dituzue?
Erabiltzen ditugun jantzi gehienak gureak dira, eta gure entsegu lokalean gordetzen ditugu. Pertsonaia jakin batzuetaz mozorrotzen diren auzotar batzuek, etxetik ekartzen dituzte haienak, baina, orokorrean, gehienak gureak dira. Urtetik urtera, askok konponketak behar izaten dituzte, eta horiek ere guk egiten ditugu, esaterako, botoiak edo zuloak josi.
Zerrenda bat egiten dugu desfilean aterako diren pertsonaia guztiekin: alkatea, lisatzaileak, inudeak, medikua. Urte batzuetan pertsonaia berriak sartzen ditugu, baina, normalean, beti berdinak izaten dira. Donostiako belle epoque garaiko pertsonaietan oinarritzen gara, inude eta artzainen jaiak garai hura irudikatzen duelako.