Txomin, berria baina ez berdea
Politika parte hartzailearen eredu behar zuen prozesua, beste behin, erakusleihoa baino ez da izan.
Auzo berria saltzen saiatu zaizkigu berdea eta eredugarria zelakoan. Aspaldi amesturiko ibai-parkea ere bai, Urumea gurea zelakoan, geurea, denona. Errioari ibaia izaten utziko ziotela uste genuen, zati txikian bada ere. Usteak ustel, ordea. Etxegileek marketing ederra egin dute, bai, eta negozioa, seguru. Udalak, nola ez, jokua egin die. Politika parte hartzailearen eredu behar zuen prozesua, beste behin, erakusleihoa baino ez da izan. Agian kritikoegiak garela iruditzen zaizu. Irakurri artikulu osoa eta ofiziala ez den ikuspegi ezberdin bat izango duzu.
Zuhaitz eskaseko bioauzoa
Duela urtebete inguru gogor ekin genion proiektuari eta egikaritutako ibai-parkeari, golf zelaia zirudielakoan. Zuhaitz gutxi eta belar asko ibar-basoa behar zuen lekuan. Denbora aurrera joan da, eta arbol gehiago jarri dituzte. Gutxi orain arte, eta, gainera, nolakoak! Txominetik hasita, platanondoak jarri dituzte, bai, URA Ur Agentzia Urumean bertan mozten eta kentzen ari den horiek, besteak beste kanpokoak direlako.
Aintzieta pasealekuan ordea, alerik ere ez. Errepide ondoan ondo joango ziren horiek, baina ez. Han, aurretik zeudenak moztu egin zituzten, argazkiak baditugu. Inguru hartan soilik etxe zaharren kontra zeuden palmondoak libratu ziren. Beharbada, klima aldaketari begira ongi egokituko zirelakoan. Agian horregatik ere etxe berrien aurreko ibai-parkerako sarreran beste palmondo espezie baten banakako batzuk sartu dituzte.
Okerrena, ordea, esan bezala, zuhaitz gabezia da, agintari politikoek bioauzoa izendatutako lekuarentzat. Aipatu bezala, Aintzietan alerik ez, eta kale artean zein plazetan txikiak eta urriak, espaloian leku eskasa dutenak eta seguru garapen arazoak izango dituztenak. Denak ibai-parkean pilatu eta bertan oihan bat egon zitekeela uste bazenuen, oker zaude. Han beroa egiten duenean basamortua da, itzalik ez baitago. Ondorioz, udan egoterik ez dago, berez ibar-baso freskoa behar zuen tokian. Uler daiteke belardiak izatea, jendeak eremu irekietaz ere goza dezan, baina Urumearen kontra ere zuhaiztirik ez duzu topatuko.
Postaleko irudi artifiziala
Etxegileek eskuorrietan marraztutakoa irudikatu dute, itxura eta azala, bihotz berderik gabeko bioauzoa. Urbanizazioa oraindik amaitu gabe badago ere, grisa nagusitzen da, asfaltoa, porlana eta harria. Hotza. Ibai-parkean ere zementu eta hormigoi gehiegi sartu dute, naturalagoa izango zelako itxaropena genuenon etsipenerako. Izan ere, Urumearen berezko ertza etengabe mozten duten begiraleku eta ontziralekuak daude, porlanezko zabalgune bat sortu dute, eta hiriko edozein plazatan egon zitekeen eta ziur asko Txomineko plazetan egongo ez den jolastokia jarri dute, berdeari pusketa ederra janez.
Diseinu kontua izango da akaso, baina bulego itxi baten mahai gainean marrazturiko proiektua dela agerian da, marrak han, marrak hemen. Paperak dena onartzen du, naturak pairatu. Ez litzateke harritzekoa izango arkitektuari edo ingeneruari aurretik ezarritako baldintzapean diseinatua izana.
Gardentasuna eta herritarron parte hartzearen broma
Iaz gogor kritikatu genuen gardentasun falta eta herri mugimenduekiko izandako begirune eza. Haritzalde Urumearen altzoan jaio zen, eta ibaiaren kontserbazioaren alde aritu da sorreratik. Urumea Gureako lagunekin elkarlanean aritu zen, eta ibai-parkea aldarrikapen nagusietako bat izan da. Proiektuaz, berriz, ez zitzaigun udaletik heldu, eta ez zen Ingurumen Kontseilu Sektorialean aurkeztu, teorian horrelakoetarako eratu bazen ere, baizik eta etxegileen propagandaren bitartez.
Aurrekontu handia zuen ibai-parkea urbanizatzeko proiektuak, Loiola aldean zegoen iragarki kartel handiaren arabera: 3.269.230,32 euro. Esan bezala, gehiegi porlanean, eta ezer gutxi zuhaitzetan joan omen da. Edozein kasutan Txomineko bizilagunak ez daude oso pozik, Lan Berri auzo Elkarteak udalak hango urbanizaziorako ziren 1,6 milioi euro Santa Klara uharteko obra artistikora bideratu dituela salatu berri baitu. Lanek amaitezinak dirudite, baina gobernuaren premia non eta hain polemikoa den eskulturan omen dago. Komunikabideen arabera 273.000 euroko kostea izan behar zuena, pasa zen 1,2 milioietatik 3 milioietara, eta azken datuen arabera 4,29 milioi eurotik gora legoke. Ez dakigu ulertzerik dagoen, baina justifikaziorik ez dago. Ez da serioa. Hemendik, gure adostasuna eta elkartasun osoa adierazi nahi dizkiegu Lan Berri auzo elkarteari eta Txomin Eneako bizilagun guztiei.
Ibai-parkeari dagokionez, ez dirudi dena erabakita dagoenik, eta baliteke diseinu orokorra errespetatuz moldaketa txikiak egitea. Adibidez, herri-baratzak jartzeko aukera aztertzen ari omen dira, eta agian zuhaitz gehiago jarri ahal izango dira. Ezer itxi aurretik, azalekoa bada ere, iritzia emateko aukerarik izango al da? Haritzaldetik Donostiako aurtengo martxoko Zuhaitz eguna bertan egiteko eskatu dugu. Laster izango dugu erantzuna, adi, beraz.